DOT Durangaldea

Bi pertsona atxilotuta Zornotza eta Lemoa herrien arteko tren bide zati bat lapurtzen saiatzeagatik

Euskotreneko langile bat trenbidetik kablea lapurtzen ari zirela ohartu ondoren

Goizaldeko 04:30 aldera izan da gertakaria

AMOREBIETA-ETXANO | Ostiral honetan, goizaldeko 04:30 aldera izan da gertakaria, Ertzaintzari Lemoako Arraibi auzora bertaratzeko eskatu diotenean, Euskotreneko langile bat trenbidetik kablea lapurtzen ari zirela ohartu ondoren.

Herritarren babeserako lanak egiten ari zen Durangoko Ertzain-etxeko patruila bat bertara hurbildu da eta segurtasuneko jagole batekin harremanetan jarri da. Honek agenteei esan die moztutako kablearen ondorioz tren-linea etenda zegoela. Era berean, azaldu du egun batzuk lehenago beste kable-zati bat lapurtu zutela.

Bertaratu diren agenteek ikuskapen bat egin dute, eta furgoneta bat topatu dute inguruan. Furgoneta horrek ebaketak egiteko hainbat erreminta, eskailera hedagarri bat eta, atzealdean, kobrezko kablea zituen.  Ustez furgoneta lapurreta egiteko erabili zutela ikusita, ertzainek ibilgailua tokian bertan ibilgetu dute.

Ondoren, Ertzaintzak, Euskotreneko hainbat teknikarirekin batera, inguru horren lehen ikuskapena egin du, eta langileek ondorioztatu dute furgonetan aurkitutako kablea ez zetorrela bat trenbidean lapurtutakoarekin.

Trenbidearen inguruan egindako bigarren azterketa sakonago batean, ateratzeko moztuta eta prest zegoen kablea aurkitu dute. Hala ere, Ertzaintza bertara iritsi dela hautematean, lapurrek ez dute hura eramateko denborarik izan.

Teknikariek egiaztatu dute, Lemoa eta Amorebieta-Etxano herrien arteko eremu batean —100 metroko tarte batean— izandako kable-mozketak trenbide-zerbitzuaren ohiko funtzionamenduan eragina izango zuela. Gainera, teknikariek adierazi dutenez, konponketak hogeita hamar mila euro baino gehiagokoak izan daitezke.

Minutu batzuk geroago, agenteek, segurtasuneko jagole baten laguntzarekin, lapurretaren ustezko bi egileak aurkitu dituzte inguruetan, eta identifikatu egin dituzte.

Gertatutakoa ikusita, Ertzaintzak bi gizon horiek atxilotu ditu, bi delitu egotzita: bata, kalteak eragitea; eta, bestea, indarra erabiliz egindako lapurreta, saiakera-mailan.

Bi atxilotuak, 40 eta 35 urtekoak, biak europarrak, Durangoko Ertzain-etxeko polizia-etxera eraman dituzte, eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku.

 

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, lapurtutako eta furgonetan aurkitutako gainerako kablea nondik datorren argitzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top