Egitaraua hainbat egunetan garatuko da, bisita gidatuekin, erakusketekin, antzerkiarekin eta ekitaldi instituzionalekin

DURANGO | Gaur goizean aurkeztu da Durangon 1937ko bonbardaketen 89. urteurrena dela eta antolatutako oroimen-egitaraua. Aurtengo programazioak begirada zabaldu nahi du, herriko biktimak ez ezik, Durangalde osoan indarkeria pairatu zuten pertsona guztiak gogoratzeko. Udalak, Gerediaga Elkartearekin, Kriskitin Dantza Taldearekin, Astarloa Kultur Taldearekin eta Suargi Elkartearekin batera, hainbat egunetan zehar garatuko den egitaraua prestatu du, memoria historikoa bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin.
Martxoaren 31n 89 urte beteko dira herriaren zati handi bat suntsitu eta 213 pertsona hil zituen aire erasoaz, horietako asko goizeko elizkizunetan zeudela. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu du aurten “Durangaldeko biktima guztiengan jarri nahi izan dela arreta, ez bakarrik herrian bizia galdu zutenengan, baizik eta indarkeria, erbestea edo etxebizitzen galera pairatu zuten pertsona guztiengan ere”. Ildo horretan, nabarmendu du “memoriak inklusiboa izan behar duela”, eta gogoratzeak “bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko konpromisoa” berresteko ere balio duela.
Egitaraua
Oroimen-egitarauak ekitaldi instituzionalak, kultur jarduerak eta hezkuntza-proposamenak uztartuko ditu, 1937an gertatutakoa belaunaldi guztiei hurbiltzeko asmoz. Aurreikusitako hitzorduen artean honako hauek nabarmentzen dira:
Martxoaren 23tik 27ra: “Aztarnak” ibilbidearen bisita gidatuak, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta, Gerediaga Elkarteak antolatuta.
Martxoak 24: “Mendigoizaleak bakean, gudariak gerran; gudarien batailoiak” erakusketaren inaugurazioa Kurutzesantu museoan, 19.00etan, Astarloa Kultur Taldeak antolatuta, ondoren Aitor Miñambresen hitzaldiarekin. Erakusketa apirilaren 12ra arte egongo da zabalik, astearteetatik igandera, 10.00etatik 14.30era.
Martxoak 25: Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jarduera didaktikoa Andra Mariko arkupean, “Bonbardaketaren aztarnak” bideoaren proiekzioarekin eta tailer parte-hartzailearekin. Gainera, Durangaldeko gerrako umeei buruzko ikerketaren aurkezpena izango da ere, Intxorta 1937 elkartearekin eta memoria-elkarteekin batera.
Martxoak 27: “Maletas de tierra” antzezlanaren emanaldia, 19.00etan, Ezkurditik hasita eta Andra Mariko arkupean amaituta.
Martxoak 28: “Aztarnak” ibilbidearen doako bisita gidatuak, herritar guztiei irekiak, bi txandatan: 11.00etan gaztelaniaz eta 17.00etan euskaraz, Turismo Bulegotik irtenda, aldez aurretik Gerediaga Elkartean izena emanda.
Martxoaren 31n, bonbardaketa gertatu zen egunean, oroimeneko ekitaldi nagusiak egingo dira. Jardunaldia 8.30ean hasiko da Santa Mariako arkupean lehen aire erasoaren alarmaren soinuarekin eta pebeteroa piztuta; 10.00etan hilerrian lore eskaintza egingo da; 12.30ean ekitaldi instituzionala izango da Ezkurdi plazan; eta arratsaldean, 17.45ean sirena berriz joko da, eta 19.30ean Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin Dantza Taldeak antolatutako omenaldia egingo da.
Horrez gain, herritarren eskura jarriko dira material dibulgatiboak, audiogidak eta ikus-entzunezko artxiboak, memoria historikoan sakontzeko. Elkoroiribek herritarrak ekitaldietan parte hartzera animatu ditu, adieraziz “oroimen-keinu bakoitzak biktimen duintasuna bizirik mantentzen duela eta gaur, inoiz baino gehiago, defendatu nahi ditugun balioen inguruan batzen gaituela”.


