Galtzareta eta Jose Miel Barandiaran kaleen artean, San Agustinalde kalean, trafikoa moztuko da, hobekuntza lanak egin ahal izateko

DURANGO | Datorren astelehenean, martxoak 16, Durangoko Udalak San Agustinalde kalean udal-auto elektrikoetarako kargagailu berri bat jartzeko lanak hasiko ditu. Obra horiek bi asteko epean amaitzea aurreikusten da, eta 46.400 euroko aurrekontua dute guztira.
Lan horiek direla eta, trafikoa eten beharko da San Agustinalde kalean, Galtzareta eta Jose Miel Barandiaran kaleen artean. Mozketa horrek Zumalakarregi kaleko eta alde zaharreko sarbidean eragina izango du. Eragozpenak gutxitzeko, Jose Miel Barandiaran kalean zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, eta inguruan dauden denda, garaje eta etxebizitzetara sartzeko aukera emango da, betiere ibilgailuek 5T baino gehiagoko pisua ez badute.
Gainera, obrak egiten diren bitartean, Jose Miel Barandiaran kalean aparkatzea debekatuko da, inguruko egoiliar eta erabiltzaile guztientzat sarbide arina eta segurua bermatzeko.
Durangoko Udalak herritarren ulermena eta laguntza eskertu du, esku-hartze horrek sor ditzakeen aldi baterako eragozpenen aurrean.


