Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, feminismoa, kultura eta kirola ardatz

ELORRIO | Herriak bat egingo du aurten ere Martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta egitarau zabala antolatu du herriko eragileekin elkarlanean. “Faxismoaren aurrean, Elorrion feminismoa tinko!” lelopean, ekintza kultural, kirol eta aldarrikatzaileek osatuko dute martxoko programa osoa.
Udalak aurten lelo horren bidez, ozen salatu nahi du azken boladan gertatzen ari diren feminismoaren aurkako erasoak. Horiek ez dira iritzi hutsak, baizik eta faxismoaren tresna ideologikoak, emakumeen, disidenteen eta kolektibo zapalduen eskubideen kontrakoak, hain zuzen ere. Indarkeria matxistaren ukapena, berdintasun-politiken desegitea eta gorputzen kontrola berriz inposatzeko nahia dira mehatxu zuzenak. Hori dela eta, borroka feminista, emakumeen sareak eta antolakuntza antifaxista zein antirrazistak dira Udalak aitortu eta erabili nahi dituen tresnak.
Martxoaren 7an, goizeko 8:30ean, plazatik abiatuta Urkiolarako mendi martxa egingo da eta arratsaldean, pintxada feminista eta emakumeentzako dantzaldi irekia izango dira Ateneoan.
Martxoaren 8an, 13:00etan, manifestazioa egingo da Asanblada Feministarekin batera, eta ondoren mokadutxoa izango da plazan.
Kultur arloan, udal liburutegiak interes gunea eta irakurketa gida berezia prestatuko ditu, emakume idazleen eta feminismoa sustatzen duten lanen inguruan. Martxoaren 13an, Maite Franco ipuin-kontalariaren saioa haurrei zuzenduta izango da. Irakurle taldeek Mary Shelleyren Frankenstein eta Vivian Gornicken Apegos Feroces landuko dituzte.
Halaber, Udalak Elorrioko emakume kultur sortzaileekin egindako haien egoerari buruzko bideoa zabalduko du bere youtube kanalean eta sareetan, eta Arriola Antzokian trailerra aurreratuko du.
Kirol arloan, martxoan zehar emakumeek kiroldegiko ikastaroetan doan parte hartu ahal izango dute plaza libreak bete arte, eta ostegunero “Emakumeentzat indar entrenamendua” saio berezia eskainiko da.
Horrez gain, herriko beste eragile batzuek ekintza bereziak antolatu dituzte; hala nola, emakumeentzako doako Kickboxing saioa (hasiera batean martxoaren 6an izango zena eta martxoaren 20ra pasatu dena) eta futbol partiduetan M8 aldarrikatzeko argazkiak.
Gozagunean Elorrioko gaztetxoek be Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat egingo dute haien jardueran, baita ikastetxeetan ere.
Arriola Antzokiak, bestalde, zinema eta antzerki emanaldi bereziak hartuko ditu hilabetean zehar.
Elorriok berriro ere berdintasunaren aldeko konpromisoa berretsi du, herritar guztiak egitarauan parte hartzera gonbidatuz.


