Udalak eta herriko eragileek martxoaren 13ra arte luzatuko den agenda parte-hartzailea prestatu dute

IURRETA | Iurretak gaur arratsaldean aurkeztu du martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko prestatu duen programazioa. Udalak, herriko hainbat kolektiborekin batera, martxoaren 13ra arte luzatuko den agenda bat diseinatu du, herritarren parte-hartzea ardatz hartuta.
Hilabete osoan zehar, Goiuriko Ama Nagusien Elkartea eta Berbalagun elkarteek egindako kakorratzez apainduko da herria. Jardueren egitarauari dagokionez, lehen hitzorduak martxoaren 2an eta 3an iritsiko dira, Bidebarrietan egingo den mural parte-hartzaile batekin. Hilaren 4an, gainera, “Emakumeak literaturan” literatur topaketa egingo da Ibarretxe kultur etxean, Josune Muñoz eta Katixa Agirrerekin, 18:30ean.
Martxoaren 5ean iritsiko da dimentsio instituzionala, irakurketa ofizialarekin eta “Landa eremuko emakumeak” mahai-inguruarekin. Azken honek Iurretako landa eremuko emakumeen errealitatea izango du ardatz, eta Anderebide Iurretako Emakumeen Elkarteak iaz egindako dokumentalean oinarrituko da. Programazioak martxoaren 7an jarraituko du, jai giroko bazkari batekin. Bazkaria Berrizeko Aboro Tabernan izango da, eta beraz, autobusa Maspetik irtengo da 14:00etan.
M8
Martxoaren 8an, Iurretako Mugimendu Feministak antolatuta, eguneko ekitaldi nagusiak bilduko dira: 12.00etan Askondotik abiatuko den manifestazioa eta irakurketa publikoa, ondoren karpan egingo den bazkari autogestionatua, eta arratsaldean, bakarrizketa eta amaiera ekitaldia Adinekoen Zentroan.


