DOT Durangaldea

Elorrio, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko bidean

Udalak diagnostikoa eta Ekintza Plana prestatu ditu, eta martxo amaieran osoko bilkurara eramango ditu

Bihar informazio-karpa bat jarriko da merkatuan
Azken bost urteetan %19tik gorako gorakada izan du udalerrian

ELORRIO | Euskal Etxebizitza Behatokiak 2025eko apirilean argitaratutako txostenaren arabera, Elorriok 12/2023 Legeak ezarritako irizpideetako bat betetzen du bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatua izateko. Zehazki, alokairuaren prezioaren igoerari dagokiona, izan ere, azken bost urteetan %19tik gorako gorakada izan du udalerrian.

Izendapena ez da automatikoa. Udalak iazko udan abiatu zuen prozedura formala, eta horretarako bi dokumentu landu behar izan dira. Alde batetik, etxebizitzaren egoeraren diagnostiko zehatza eta, bestetik, datozen hiru urteetarako neurri zehatzak jasotzen dituen Ekintza Plana. Azken hori, derrigorrezkoa denez, martxoaren amaieran onartuko da osoko bilkuran, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzara bi txostenak bidaliko dira .

Urrats garrantzitsua da; izan ere, adierazpenari esker, etxebizitza-merkatua erregulatzeko tresna berriak eta laguntza-ildo espezifikoak eskuratu ahal izango dira.

Etxebizitza egoeraren diagnostikoaren datu nagusiak

Etxebizitzari buruz egindako diagnostikoa dokumentu luzea da, eta udalerriko etxebizitzaren egoeraren ikuspegi integrala eskaintzen digu. Ondoren, datu interesgarri batzuk baino ez dira emango.

Diagnostikoaren arabera, 2025eko urrian 231 etxebizitza eskaera aktibo zeuden Etxebiden (31,8 mila biztanleko). Tasa inguruko beste udalerri batzuetakoa baino baxuagoa bada ere, datuek benetako beharra adierazten dute.

Eskaeren %68 Elorrion erroldatutako pertsonei dagozkie, eta %70,6 alokairura bideratuak daude; horrek agerian uzten du erregimen horretan etxebizitza irisgarria izateko eskaera. Erosketa-erregimenari dagokionez, 2019tik 2024ra bitartean 1.161 salerosketa egin ziren, batez ere bigarren eskukoak (%68,4) eta etxebizitza librekoak (%96,4). 2025eko azken hiruhilekoan batez besteko prezioa 241.542 eurokoa izan zen, eskualdeko batez bestekoaren gainetik baina Bizkaia eta Euskadiren azpitik. Metro karratuaren prezioa 2.783 eurokoa izan zen.

Alokairuari dagokionez, honek goranzko joera mantendu du, ez bakarrik Elorrion: 2016 eta 2023 artean alokairuaren batez besteko errentak gora egin du eremu guztietan. Gure inguruan, oro har, Elorrio erreferentziazko eremuen alokairuaren batez besteko errentaren balioaren azpitik mugitu da. 2016an alokairuaren errenta 504,0 eurotan zegoen eta 2023an 632,5 eurotan, %25,5eko igoera. Hala, Elorrioko batez besteko alokairu-errenta, Durangaldekoa (677,6 €), Bizkaikoa (815,5 euro) eta EAEkoa (819,6 euro) baino txikiagoa da.

Aipatu behar da, halaber, 2025eko urtarrilean Elorrion 343 etxebizitza zeudela eta horietan ez zegoela inor erroldatuta. Horietatik 135 etxebizitza “hutsak” izan ziren; hau da, OHZn errekargua aplikatu zitzaien etxebizitzak (gainerakoak ordenantza fiskalean agertzen den salbuespen-kasuistikan sartu ziren).

Ekintza planaren neurri integralak eta epe zehatzak

Elorrioko etxebizitza parkea presiopean dagoela adierazten dute etxebizitzaren datu demografiko, sozioekonomiko eta erabilera datuek. Bai alokairu-errentaren igoera, bai salerosketa-prezioaren igoera, Elorrioko indizeek gutxieneko maila gainditzen dute. Agerian dauden desorekak zuzentzeko helburuarekin eta 3 urteko garapen egutegiarekin, gobernu taldeak Ekintza Plan bat aurkeztuko du martxoaren amaieran onartzeko.

Ekintza Planak lau ardatzetan egituratzen ditu neurriak: arrazoizko alokairua bultzatzea, laguntzak eta prestazioak indartzea, eraikuntza-parkeari eta hiri-birgaitzeari buruzko jarduerak egitea eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea.

Ekintza batzuk dagoeneko martxan daude, eta beste batzuk adierazpen ofizialaren ondoren aktibatuko dira.

Garrantzitsua da azpimarratzea azken urteotan Udalak lan tekniko eta instituzional etengabea baina diskretua mantendu duela, lurzoruak eta eraikin potentzialak aztertuz, finantziazio formulak aztertuz eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lan eginez herrian alokairu sozialeko eta dotazionaleko etxebizitzak sustatzeko, uda ostean hitzarmen bat sinatzeko aurreikuspenarekin.

Julene Lazkano alkateak azpimarratu duenez, “etxebizitza duina bermatzea funtsezkoa da udalerri bizi, askotariko eta orekatu bat mantentzeko. Ez da kontu tekniko bat bakarrik, Elorrioko etorkizun sozial eta ekonomikoa baldintzatzen duen ardatz estrategiko bat baizik. Egindako lan guztiak fruituak emango dituela espero dugu, eta laster hainbat neurri martxan jarriko direla iragarri ahal izango dugu”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top