DOT Durangaldea

Zornotza Aretoak programazio kultural berriaren edizioa aurkeztu du

Ekainera bitartean, Zornotza Aretoak programazio kultural anitza eskainiko du; besteak beste, Alain Concepcionen “Holding Love” diskoaren aurkezpena

Alain Concepcionen “Holding Love” diskoaren aurkezpena apirilean

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren otsailaren 13an, larunbata, Zornotza Aretoak denboraldi kulturala hasiko du, antzerkia, musika, dantza eta zinema uztartzen dituzten jarduera eta ikuskizun anitzekin. Hala iragarri du gaur Amorebieta-Etxanoko Udalak prentsaurreko bidez, adin eta gustu guztietarako egitarau zabala aurkeztuz.

Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu du kulturak udalerrian duen funtsezko zeregina: “Guretzat, kultura funtsezko oinarria da udalerriko bizitzan. Zornotzarren arteko harremanak sendotzen laguntzen du, parte-hartze aktiboa sustatzen du eta pertsonen egunerokoa aberasten du. Programazio honen bidez, kalitatezko proposamenak eskaini nahi ditugu, adin guztietara egokitutakoak, herritarrek kulturaz gozatu eta esperimentatzeko aukera izan dezaten”.

Datozen hilabeteetan, Zornotza Aretoak dantza, musika eta antzerki ikuskizun ugari hartuko ditu, eta, horrez gain, Zineklubak hautatutako filmak ere proiektatuko dira. Hala, astearte guztietan, 19:00etan, film-emanaldi bat eskainiko da, eta ondoren solasaldi irekia egingo da, ikus-entzunezkoen alderdi interesgarrienak sakontzeko aukera emanez.

Zazpi antzezlan

Antzerkia ardatz nagusietako bat izango da Zornotza Aretoko programazioan. Otsailaren 20an hasiko da denboraldia “Nor Naizen Baneki” lanarekin, denboraren geruzetan barrena historia azaleratzen duen indusketa arkeologiko baten bidez. Ondoren, beste emanaldi batzuk etorriko dira, hala nola “R&J” (La Dramática Errante), Shakespeare-ren maitasun tragikoaren eguneratutako bertsioa; “Lo Peor Que Le Puede Pasar a un Niño” (Ekoma Teatro), maskulinitatearen inguruan hausnartzen duen lana; “Kolapsoa” (Jon Ander Urresti), kontsumismoaren inguruko gogoeta; eta “Calla y Come” (La Cocina), benetan mugitzen gaituen horretara bidaia introspektiboa proposatzen duena. Halaber, “Nancy Grace Roman” (Nexo Teatro) lanak Hubble teleskopioaren garapenean funtsezko ekarpena egin zuen astronomo aitzindaria ezagutzera eramango gaitu.

Musika

Programak guztira zazpi kontzertu hartuko ditu, musika estilo askotarikoekin eta publiko ororentzako proposamenekin. Nabarmenduenetako bat izango da Alain Concepcionen kontzertua, apirilaren 11n, “Holding Love” diskoa aurkeztuko baitu. Lan honek soul, jazz, funk eta soft rock estiloak uztartzen ditu.

Bestalde, martxoaren 12an “Kamikaze Helmets” taldeak joko du, gitarra gabe sortutako rock proposamen bereziarekin. Halaber, otsailaren 14an “Go!azen 12” ikuskizun gaztea aurkeztuko da, eta maiatzaren 9an, Amorebietako Musika Bandak “Sentzasioen Bila” eskainiko du, musikak eragiten dituen sentsazioak ardatz dituen kontzertu berezia.

Dantza

Dantzaren programazioak gustu guztietarako proposamen bereziak eskainiko ditu. Nabarmenduenetako bat izango da “You Have an Inner World, And So What?” (La Senior de Larrua) ikuskizuna, martxoaren 20an aurkeztuko dena. Pieza honek heldutasunaren inguruko hausnarketa egiten du mugimenduaren bitartez, eta 40 urtetik gorako dantzarien esperientzia eta eszenaratze-heldutasuna balioan jartzen dituen ikuspegia eskaintzen du.

Horrez gain, Lasala konpainiak “Alai Familian” aurkeztuko du, haurrei zuzendutako proposamena, maiatzaren 16an taularatuko dena. Obra honetan, Alai izeneko sei urteko neskatoa bere amonarekin eta txakurraren konpainian bizi da, eta desberdin sentitzen da, bere familiak ez baitu lagunena bezalakoa dirudien egitura. Hala ere, gau batean ametsen mundura murgilduko da, eta han hainbat animalia eta familia mota ezagutuko ditu. Antzezlanak familia-aniztasunaren inguruan hausnartzera gonbidatzen ditu txikienak, modu irudimentsu eta hurbilean.

Antzerki familiarra

Zornotza Aretoko programazioak familia osoarentzako ikuskizun aukera zabala eskainiko du, etxeko txikienek ere kulturaz gozatu ahal izan dezaten. Zornotzar familiei zuzendutako lanen artean daude “Zerua Lapurtu Dute” (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore), umorez eta abenturez beteriko proposamena, eta “Amama Irrifareen Ondarea” (Eidabe), familia-oroimenaren garrantziaz gogoeta egiten duena.

Era berean, ikus-entzunezko aldetik indar handia duen “Kimú” (Marie de Jongh) lana ere eskainiko da; haurren barne-mundua esploratzen duena dantzaren eta antzerkiaren bidez.

Sarrerak

Ekitaldi ezberdinetarako aldez aurreko sarrerak eskuragarri daude jada sarrerakzornotzaaretoa.com webgunean. Plaza kopurua mugatua denez, Udalak herritarrei gomendatzen die sarrerak ahalik eta lasterren eskuratzea.

Egitarau osoa hemen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top