DOT Durangaldea

Astelehenetik aurrera itxita egongo da Zornotzako Karmen kalea

Karmen kaleko biribilgunerako ibilgailuen zirkulazioa eten egingo da, ingurua urbanizatu eta oinezko egiteko obren eraginez

Horrela geratuko da astelehenetik aurrera trafikoa
Horrela geratuko da astelehenetik aurrera trafikoa

AMOREBIETA-ETXANO| Datorren astelehenetik aurrera, urtarrilak 12, Karmen kaleko biribilgunerako (“Patata” eskultura dagoen biribilgunea) ibilgailuen zirkulazioa eten egingo da, ingurua urbanizatu eta oinezko egiteko obren eraginez. Lan horiek Karmen 2.0 proiektuaren baitan jasotzen dira eta horien helburua da hiri-arteria hori irisgarriagoa, iraunkorragoa eta pertsonen ongizatean oinarritutako espazio bihurtzea.

Hala, mozketa honen ondoren, Karmen kaletik Konbenio kalerantz biratu beharko da. Bestalde, “Patata” eskultura ezaguna dagoen biribilguneak, biribilgune izateari utziko dio, hau da, ezingo da bertan biratu noranzkoa aldatzeko. Trafikoa bi noranzkoetan (Durango-Bilbo) mantenduko da, biribilgunearen alboetako batetik.

Mozketa hori espazioaren urbanizazio lanetan aurrerapauso bat izango da, eta obrak amaitu ondoren, espazioak izaera naturalagoa eta irisgarriagoa izango du. Izan ere, Amorebieta-Etxanoko erdigunean dagoen espazio horrek Zelaieta parkea El Carmelo Parkearekin eta Herriko Plazarekin lotuko ditu, herrian ibilbide berde berri bat sortuz, berdegune zabaleekin eta itzalpeko eremuekin, espazioa erosoagoa eta osasungarriagoa izan dadin erabiltzaileentzat.
Amaitzeko, Udalak aldez aurretik barkamena eskatzen du obrek eta trafiko mozketek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta zornotzarrei aldaketa horien aurrean azaldutako pazientzia eta ulermena eskertzen die.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top