DOT Durangaldea

Garaiko Udalak 711.480 euroko aurrekontua onetsi du 2026 urterako

Aurreko urtekoa baino 31.820 euro gehiago ( +% 4,68)

Uztaileko osoko bilkuran osasun egoerari buruzko bi mozio eztabaidatu ziren
Garaik datorren urteko kontuak onartu ditu

GARAI | Udalbatzak, orotara, 711.480 euroko aurrekontua onetsi du 2026 urterako. Aurreko urtekoa baino 31.820 euro gehiago ( +% 4,68) baliatuko du aurrekontu berriak. 2026ko aurrekontua EAJren udal-taldeak babestu du eta gehiengo osoz onetsi da. “Herriko Taldea, hiru aste iraun duen prozesu baten ostean, inolako ekarpenik eta proposamenik egin ez  eta abstenitu egin da”, udal iturriek jakinerazi zutenez.

Horiek horrela, udalbatzak 2026 urteko helburuak zehaztu eta onetsi ditu. Ondoko hauek:

  1. Giza baliabideei doakienez, berrikuntza nagusia: udal-arkitektoaren plaza sortzea, Garaiko Udalaren egituran barruratzea eta Berrizko Udalarekin partekatzea, lankidetzan. Horiek horrela, bi urrats egin dira. Batetik, Garaiko Udalaren eta Berrizko Udalaren arteko hitzarmena. Bestetik, plaza horri erantzun ahal izateko, diru-zuzkidura gehitu da aurrekontuetan.
  1. Azpiegiturei doakienez:
  1. San Migel auzoan, komun publikoa eraiki ahal izateko lizitazioa zein kontratuak izenpetu dira. Obrak 2026ko urtarrilean hasi eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusita dago.
  2. Kirol ekipamendu berria dela eta, bi jarduketa bideratu dira. Batetik, ekipamendu berria erabili ahal izateko udal-ordenantzak onetsi dira eta, bestetik, abenduaren 29ko osoko bilkuran, tresneria eta eskuratu ahal izateko, lizitazio-prozedura abian jarri da. Okerrik ezean, kirolgune berria 2026ko udaberrirako abian egongo da. Kirol-tresneria alokairu-araubidean eskuratzeko 14.500 euroko zenbatekoa aurreikusi da. 
  3. San Migel auzoko umeen jolasgunea estaltzeko proiektua egin, dirulaguntzak eskatu eta estalpea eraikitzeko lizitazioa bideratuko da 2026ko uda bitartean. Obrak 2026ko udazkenean has daitezen aurreikusita dago. Prozesuaren amaieran, familiak-eta egon eta gerizpea eman ahal izateko, inguruan, arbolak landatu eta uharte klimatikoa atontzeko urratsak egingo dira. Gure askatasunen ikur gisa, askatasunaren eta demokraziaren alde jardun zutenei gorazarre eginez eta gure tradizioari lotuta, Bizkaiko Batzar Nagusiei Gernikako Arbolaren kimuak eskatu zaizkio. Gernikako Arbolaren parkea deituko zaio eremuari eta belaunaldien topaleku bihurtuko da. Umeen jolasgunea estaltzeko egitasmoan, hasteko, 24.000 euro aurreikusi dira.
  4. Udaletxearen atzealdeko esparruari teilatua jartzeko aurreproiektua egiten ari da. Ondoren, egitasmoa bideratzeko kudeaketa egingo da. Helburua da agintaldi honen amaieran prozesua lizitatzeko eran uztea. Esparruaren azterketa egiteko eta aurreproiektua egiteko xedez, 18.000 euro aurreikusi ditu udalak.
  5. Ur horniduran hobekuntzak (besteak beste, uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko unitatea: 14.000 euro); bidegurutze batzuetan farolak zein San Migel auzoan argiteria hobetzeko zenbait jarduketa (10.000 euro) eta abar.  
  1. Herri-bideetan konponketa lanak: arekak, uhinbikoak eta asfaltatze-lanak bideratzeko 26.580 euro aurreikusi dira. Nolanahi ere, lanak eta baliabideak indartuko dira 2025eko aurrekontua kitatu eta gero.
  1. Herriko elkarteak, kulturaren sustapena eta memoria:
  1. Herriko elkarteei sostengua: herrian askotariko ekintzak antolatzeko, herriko elkarteei ematen zaien sostengua indartzen segitzea da asmoa. Horiek horrela, 2019. urtean, herriko elkarteei bideratutako dirulaguntzak 800 euro izatetik, 2026. urtean, 11.300 € izatera igaroko da (Garaiko Triatloi Taldeak 4.800 euro; Garaiko San Migel Nagusien Elkarteak 4.000 eta Trumoitte Kultur Elkarteak 2.500 euro jasoko dituzte). Urtero-urtero egin diren gehikuntzei, zein udalak, eskura dituen giza baliabideen eta azpiegituraren bidez, eskainitako babesari esker, herriko elkarteek askotariko jarduerak antolatzeko eta ekintza kopurua gehitzeko sostengua dute.
  2. Pilar Zubiaurreri buruzko dokumentala filmatuko da Garain, 2026an. Egitasmo honen babeslea Garaiko Udala da. Helburua da XX. mendeko emakume honek ekarpena azpimarratzea eta balioan jartzea.
  3. Garaiko historia garaikidea ikertzeko beka abian jarriko da Gerediagarekin lankidetzan.
  1. Udaleko hirigintza-plangintza dela eta, 2026. urtean, antolamenduaren hurrengo faseak bideratuko dira eta 2026ko udazkenean behin-behinean onetsiko da. Horiek horrela, agintaldi honetan, duela hogeita hamar urtetik hona berritu gabe egon den plangintza berritzeko prozesua oso aurreratua uztea da asmoa. Behin betiko onarpena ondoren bideratuko da, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bestelako erakundeen irizpenak jaso ondoren, hain zuzen.
  1. Udalbatzak, herritarren partaidetza tarteko dela, 2026. urtean, herrian komunitate energetikoa sortzeko urratsak egingo ditu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top