DOT Durangaldea

Adostasun osoz onartu da Abadiñon gazteen kontratazioa bultzatzeko mozioa

Ekimen horiek 2026tik aurrera modu eraginkorrean aplikatuko dira

Ekimen horiek 2026tik aurrera modu eraginkorrean aplikatuko dira.

ABADIÑO | 16 eta 30 urte bitarteko gazteak kontratatzera bideratutako laguntza-programetara Udalak urtero eta modu egonkorrean atxikimendua bermatzeko, Abadiñoko Udalak aho batez onartu du  EAJ-PNVk sustatutako mozioa abenduko plenoan. Ekimen horiek 2026tik aurrera modu eraginkorrean aplikatuko dira.

EAJ-PNVko bozeramaile Mikel Garaizabalek azpimarratu du programa mota horiek «gazteei prestakuntza eta lan-esperientzia eskaintzeko tresna eraginkorrak direla frogatu dutela», eta adibide gisa EGF Plus 2021-2027 programa nabarmendu du, tokiko erakundeetan aldi baterako kontratuen bidez gazteen laneratzea erraztera bideratua.

Aurreko legealdian hainbat gazte kontratatu ziren laguntza horien bidez; aldiz, egungo legealdian ez da kolektibo honi zuzendutako kontrataziorik egin. Ildo horretan, bozeramaile jeltzaleak oso positibotzat jo du osoko bilkuran lortutako adostasun zabala, legealdi honetako egoera  berriro errepika ez dadin.

Landa publikoak

Beste arlo batzuetan, abenduko osoko bilkuran EAJ-PNV taldeak abstentzioa eman zuen landa publikoen zaintza auzolanean arautzen duen ordenantzaren bozketan, testua “hankamotz” eta ondo osatu gabe dagoela iritzita, izan ere, hiru udal-landa baino ez ditu jasotzen ordenantzak. Horren harira, Garaizabalek eskatu zuen Abadiñoko abeltzaintza gisa aprobetxatzeko baldintzak betetzen dituzten udal-landa guztiak sartzea eta ez hiru bakarrik.

Era berean, bozeramaile jeltzaleak kritikatu zuen 2025.urtean zehar 708.000 euro bideratu direla gerakinetik gastu arruntera, 19 kreditu-aldaketaren bidez, eta egoera hori gobernu-taldearen aurrekontu-plangintza txarraren adibidetzat jo zuen. Azkenik, urteko azken osoko bilkuran, hainbat fakturari buruzko argibideak eskatu zituen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top