DOT Durangaldea

Umeentzako ekintzak, tradizioa eta kirola, Zaldibarko Gabonetako egitarauan

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, Errege Magoak, umeentzako parkea, San Esteban eguna eta San Silvestre lasterketa, ekintzen artean

Abenduaren 19an, ipuin kontalaria egongo da liburutegi zaharrean

ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak prest du Gabonetarako egitaraua. Abenduaren 18tik urtarrilaren 5era bitartean, askotariko ekintzak egingo dira udalerrian, eta urtero legez, toki berezia izango dute umeentzat prestaturikoek. Izan ere, abenduaren 19an, ipuin kontalaria egongo da liburutegi zaharrean, eta 22an, umeentzako antzerkia Olazarren: Su magikoaren lapurreta.   Egunik esanguratsuenetako bat abenduaren 24a izango da, Olentzero eta Mari Domingi 12:00etan iritsiko dira-eta Olazarrera. 12:30ean, ongietorri jaialditxoa egingo da haiekin, San Martin plazan. Umeek bertan utzi ahalko dituzte eskutitzak eta txupeteak. Azkenik, Umeen Gabonetako Parkea abenduaren 29an eta 30ean egongo da eskolako kiroldegian, eta Errege Magoek urtarrilaren 5ean itxiko dituzte Gabonak, frontoiko ekitaldiarekin.

Gabonetako beste protagonista kirola izango da. Abenduaren 18an, emakumeen Olazar txapelketako finalerdiak jokatuko dira, eta abenduaren 31n, final handia. Futbolak ere bere leku propioa izango du, abenduaren 27an Marivi txapelketa jokatuko da-eta Solobarrian. Urteari agur esan orduko, abenduaren 31n bertan, San Silvestre lasterketaren bederatzigarren edizioa jokatuko da. Urte berria behar bezala hasteko, talde argazkia egingo da Santamarinazarreko tontorrean. 11:00etan izango da.

San Esteban egun tradizionalak ez dio hutsik egingo urteroko hitzorduari. Abenduaren 26an, talo, txorizo eta gaztaina-jana egingo da eskolako pilotalekuan, 18:00etatik aurrera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top