DOT Durangaldea

Urtarrilaren 3tik aurrera, aisialdirako gune bezala zabalduko da Abadiñoko probalekua

Udalak herritarrekin elkarlanean zehaztu ditu erabakiak, prozesu parte hartzaile baten bidez

Irekiera datorren urtarrilak 3an izango da

ABADIÑO | 2025eko aurrekontu parte hartzaileetan, herritarrek probalekua aisialdirako gune estali bezala zabaltzea lehenetsi zuten bestelako proiektu batzuen artean. Herritarrekin elkarlanean hainbat erabaki hartu ostean, urtarrilaren 3an zabalduko dute lehenengoz probalekua aisialdirako gune bezala, eta eskoletako oporretan, asteburuetan eta jai egunetan egongo da irekita. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:30etik 19:30era.

Herritarrak prozesuaren parte bihurtzeko asmoz, udaberrian, prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen Udalak. Aurrez aurreko hainbat bilera egin zituzten, eta, elkarrekin, proposamenak jaso, berrikusi eta lehenetsi zituzten. Probalekua biziberritzea izan da helburua, espazio hori estalitako aisialdirako gune dinamiko eta bizi bihurtuz.

Jasotako proposamenekin, eta proiektuari esleitutako 100.000 euroko aurrekontuarekin, Udalak gradako lehen lerro guztietan baranda desmuntagarri bat jarri du dagoeneko. Datozen hilabeteetan, berriz, lurreko tarimaren estruktura berrituko da, eta estrukturaz gain aldapa bat jarriko da; aldagela berri bat eta dantzarien materiala gordetzeko gune bat sortuko dira; lona bertikal bat jarriko da probalekua konpartimendu desberdinetan banatu ahal izateko; eta, azkenik, probaleku barruan eta kanpoan soinu-inmisioa neurtzeko azterketa egingo da.

“Herritarrekin elkarlanean egindako prozesuarekin oso gustura geratu gara. Iritzi desberdinak jaso eta herritarren beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izan dugu. Oraingoz, segurtasuna bermatzeko moldaketa bakarra egin dugu, baina datozen hilabeteetan, hobekuntza lan guztiak eramango ditugu aurrera, probalekua espazio segurua eta eskuragarria izan dadin”, adierazi du udal gobernu taldeak.

Lan horiek egin bitartean, orain arteko tarima egongo da probalekuan, eta, urtarrilaren 18ra arte, azpiko komunak ez dira erabilgarri egongo. Otsailaren erdialderako, tarima berria eta aldagela berriak martxan egotea aurreikusten du Udalak.

Beste hobekuntza-lan batzuk

Aurrekontu parte hartzaileetako diru partidaz gain, Udalak segurtasuna bermatzeko beharrezkoak ziren bestelako hobekuntza lan batzuk egin ditu udan zehar. Tartean, beheko sarrerako ate nagusia aldatu, eta pertsiana bat jarri da haren ordez; eta sokatirakoen entrenamendutarako polea-sistema seguru bat jarri da. Denera, 48.925 euroko kostua izan dute lan horiek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top