Este viernes se celebraba su acto inaugural en San Agustin

DURANGO | Durangoko Azokako lehenbiziko egunak bere 60 urteko ibilbideak sortutako ikusmira gainditu du. Kulturaren jaialdi bilakatuta, arrakastaz itxi du Durangoko Azokak bere lehenbiziko eguna. Euskal Herriko milaka ikasle batu dituen ikasle goizaren ostean, inaugurazio ekitaldiak Durangoko Azoka posible egiten duten pertsona guztien berotasuna bildu du San Agustin Kulturgunean. Bertan, Gerediagako elkarteko kideekin batera, instituzio nagusietako ordezkariek eta Azokaren babesle eta lagunek 60 urteko ibilbidearen garrantzia aldarrikatu dute familia giroan.
Lehendabizi, Durangoko Azoka egikaritzeko haien babesa ematen duten instituzio nagusietako ordezkariek hartu dute hitza: Mireia Elkoroiribe Durangoko Alkateak, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusiak. Hirurek goraipatu dute 60 urteetan zehar Durangoko Azokak egindako lana eta Kulturaren Jaialdi bilakatzeko egindako apustu egokiak.
Ostean, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko presidenteak hartu du hitza: “1965ean, euskal kulturaren aldeko su txiki baten bueltan batu ziren Andra Mariko elizpean, Durangoko Azokaren lehen edizioa antolatuz. Geroztik, su horren argitasuna lagun, ibilbide luze bat egin dugu elkarrekin. Andra Maritik merkatu plazara, handik karpa erraldoietara, gero Landako Gunera, azkenik Durango osora heltzeko. Pausorik pauso, ibilbide horrek honaino ekarri gaitu, urteotan sostengatu gaituen lurra sentitzeko, egindakoa miresteko. Eta, zelan ez, aurrera begiratzeko. Andra Mariko su hura bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun argizaiolan”.
Agizaiola hori bera oparitu dio Gerediaga Elkarteak Izaskun Ellakuriagaren familiari Gerediaga elkarteko kidearen lana eskertzeko egindako omenaldian. Hala, bere lagun, lankide eta familiko kideez inguratuta urteetan zehar Durangoko Azoka posible egiteko burututako lan eskerga goraipatu nahi izan du Durangoko Azokak: “Gaur ezin ditugu ahaztu bide honetan lanean ibili diren lagun guztiak, eta bereziki pertsona bat oroitu gura dugu: Izaskun Ellakuriaga Bustintza. Langileetan langile, energia handikoa, pasioz beteriko ekintzailea eta gertuko laguna. Hogei bat urtean, gure etxe diren Gerediaga eta Durangoko Azokaren zutabe. Uste dut Gerediaga Elkarteko lantaldearen izenean ere banabilela asko botatzen zaitugula faltan diodanean. Bihotzetik, eskerrik asko euskal kulturaren alde eginiko ekarpenagatik, eta guri eman diguzun guztiagatik”.
Omenaldiak ordea ez ziren bertan bukatu. Gerediaga Elkartearen izenean, Gomezek bere aurretik presidente izandako Nerea Mujikari merezitako aitortza eskaini nahi izan zion eta txalo artean, elkartearen zuzendaritzan egindako lana goraipatu zuen. Ekitaldia ixteko, Kamikaz Kolektiboko Iraia Elias, Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala umorez beteriko antzerki formako oparia egin diote Durangoko Azokari.


