Eskualdean udal desberdinek agerraldia egin dute egun hay gogoratzeko

DURANGO | Abenduaren 3a iritsi da, Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskarak egun bizi duen egoeraz hausnartzeko eta, ondorioz, gure hizkuntzari sostengu eta hauspoa emateko deia egiten digun eguna da. Euskararen indarberritze-bidean egindako lanari eusteko eta etorkizuneko erronken aurrean erabaki ausartak hartu eta hizkuntza-politika berritzaileak birpentsatu eta aplikatzeko garaia da.
Euskararekin dugun harremana ez da egun bateko kontua. Urte osoko lanketa da, eta eguneroko jardunean txertatuta egon behar du, zeharlerroa den neurrian. Herri mailan, euskararen normalizazioan urratsez urrats ari gara lanean, eta erakunde publikook eredu izan behar dugu, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz eta euskararen erabilera egiazko eremuetan sendotuz. Gure helburua argia da: Durango eta Durangoko Udala euskararentzat arnasgune izatea.
Badakigu euskaldunok historian zehar egokitzeko gaitasuna erakutsi dugula. Horri esker mantendu da bizirik eta indartsu gure hizkuntza. Baina gure herrietako errealitatea inoiz baino bizkorrago aldatzen ari den honetan, egokitzen jakitea ezinbestekoa da. Eta egokitze horretan, ezinbesteko dira eragile sozial, ekonomiko eta kulturalen arteko lankidetza estua, baita gizarte mugimenduarekin batera lan egitea ere: euskalgintza aktiboa behar eta nahi dugu soka-lagun. Harreman sareak sendotzeko eta berriak eraikitzeko unea da.
Durangok ibilbide sendoa du euskararen erabileraren indarberritze-bidean. Baina, hizkuntza-eskubideak bermatzeaz harago, euskaraz lan egin, ikasi eta bizi ahal izateko eremu atsegin eta erosoak sortu nahi ditugu. Horretarako, guztion inplikazioa da gakoa: herritar anonimoena, elkarteena, hezkuntza komunitatearena, eragile ekonomikoena eta instituzioena.
Iaz esan genuena gaurkotasun osoz mantentzen da: hizkuntzak ez dira komunikaziorako tresna neutroak; gure historiaren, kulturaren, balioen, ideologien eta botere-harremanen isla dira. Horregatik, hizkuntza-politika ezin da despolitizatu; alderantziz, modu adostu, zintzo eta eraginkorrean politizatu behar dugu, guztion artean eraikiz eta elkarrekin eginez bidea.
Esandako guztia kontuan hartuta, Durangoko Udalak konpromiso hauek berresten ditu:
- Durangoko Udalak bere administrazioaren esparruan euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatuko du, eta lan-hizkuntza izan dadin aurrerapauso sendoak emango ditu. Horrez gain, Udala euskararen arnasgune funtzional bihurtzeko neurriak hartuko ditu.
- Euskararen Erabilera Indarberritzeko AROA Plana garatzeko konpromisoa berretsiko du, gizarte-esparru guztietan estres linguistikorik gabe euskaraz bizi ahal izateko helburuarekin.
- Durangok, eskualde-buru gisa, bere eguneroko harremanetan dituen norbanako eta erakundeen hizkuntza-eskubideak errespetatuko ditu, eta horientzat ere euskaraz lan egin, ikasi eta bizitzeko eremu gozagarria izateko urratsak egingo ditu.
- Euskarara oraindik hurbildu ez direnengana gerturatu eta euskararen sarean integratzeko dinamika inklusiboak sustatuko ditu Udalak. Euskara guztiona da, eta guztion artean egin behar dugu bidea.
Euskararen eguna ez da soilik egun bakarrekoa. Euskararen eguna egunero da.
Durangon argi dugu: euskarak kolore asko ditu, eta denak sartzen dira gure herrian.
Euskara guztion artean eraikitzen delako.
Zugan, nigan, gugan.


