Zelaieta Zentroak abenduaren 1etik 22ra izango du zabalik Mikel Etxebarria Etxeitaren “La lucha por unas fiestas democráticas. Fiestas 1975-1976” erakusketa, herriko gazteriak jai parte-hartzaileagoen alde egindako mobilizazio historikoa gogora ekarriz

Abenduaren 1ean, Zelaieta Zentroak “La lucha por unas fiestas democráticas. Fiestas 1975-1976” erakusketa inauguratuko du, Amorebieta-Etxanoko historia hurbileko une esanguratsu bat berritzeko helburuarekin. Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai, eta Mikel Etxebarria Etxeita egileak herriko gazteriak duela 50 urte egindako mobilizazio historikoa bildu du bertan.
Erakusketa honek 1975eko udaletxe frankistaren garaian jazotako gertaerak gogora ekartzen ditu. Urte hartan, herriko gazte talde batek jai herrikoiago eta parte-hartzaileago baten aldeko proposamen alternatiboa aurkeztu zion Udalari. Agustín Uria alkate frankistak proposamena baztertu zuen, eta horrek protestak, errepresioa eta isunak ekarri zituen. Hala ere, gazteen borrokak fruituak eman zituen: 1976an, herriko gazteriak antolatu zituen lehen aldiz Zornotzako jaiak, mugarria ezarriz bai herriko historian, bai jai eremuen demokratizazioan.
Erakusketa osatzeko, bisita gidatuarekin lagundutako bi hitzaldi eskainiko dira, doakoak biak ere:
-
Abenduaren 2an, 19:00etan – Hitzaldia eta bisita gidatua euskaraz
-
Abenduaren 9an, 19:00etan – Hitzaldia eta bisita gidatua gaztelaniaz
Erakusketa eta antolatutako jarduerak doakoak dira, eta aukera paregabea eskaintzen dute Zornotzako gazteriak jai libreago, parte-hartzaileago eta demokratikoagoen alde egindako borroka gertutik ezagutzeko.


