DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

EUDELek eta Emakundek “Berdinsare (H) martxan” aurkeztu dute Iurretan

Berdinsarea-Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Saretik sortutako programa da.

Programaren aurkezpena asteazken honetan izan da Ibarretxe Kultur Etxean

IURRETA |

EUDELek eta Emakundek “Berdinsare(H)abian” programa aurkeztu dute Iurretan, 7.000 biztanle arteko udalerriei berdintasunaren aldeko tokiko politikak ezartzen eta finkatzen laguntzeko ekimen bateratua. Helburua da Euskadiko lurralde osoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea benetan bete dadin erraztea, eta, hala, euskal herritarren % 100i estaldura ematea.

Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkatea, eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, Oskar Koka Iurretako alkatearekin batera, 7.000 biztanle arteko 194 udalerrietako ordezkaritza politikoarekin (EAEko biztanleen % 76) egindako topaketaren buru izan dira. Horietako asko Arabako kuadrilletan biltzen dira, edo, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, mankomunitateetan eta beste elkarte batzuetan.

Berdintasunerako Euskal Legeak ezartzen duenez, tokiko erakunde guztiek, edozein tamainatakoak direla ere, berdintasuna bultzatzeko berariazko egiturak izan behar dituzte, langile tekniko espezializatuekin, dedikazio egokiarekin eta behar besteko baliabideekin. Hala ere, baldintza horiek erronka handia dira populazio txikieneko udalerrientzat. Egoera horri erantzuteko, EUDELek eta Emakundek, Berdinsarea udalerrien sarearen bitartez, laguntza eta babes hobea emango diete udalerri txikiei, beren berdintasun-egiturak antolatzen eta beren eskalara egokitutako politika publikoak hedatzen laguntzeko eta horiek babesteko.

Oro har, Berdinsareak sareko lana sustatzen du, eta udalerri txikiei taldean lan egitea gomendatzen die. Hiru lurraldeetan, gero eta udal gehiago dira ahaleginak, langileak eta baliabideak partekatzeko hautua egiten dutenak. Esperientzia horiek frogatzen dute udalen arteko lankidetza dela araudiak eskatzen dituen kalitate-estandarrak lortzeko biderik eraginkorrena, berdintasun-politika egonkorrak eta benetako eragina dutenak bermatuz.

Iurretako alkatea den Oskar Kokak azaldu duenez “sarritan, herri txikietan, erronka bereziak izaten ditugu. Txikiak izateagatik baliabide gutxiago edo gaitasun gutxiago dugula uste dugu. Baina honelako programek guztiz kontrakoa frogatzen dute: indarrak batuz, ezagutza partekatuz eta sarean lan eginez, gure ekintza-gaitasuna biderkatu egiten da”.

Bestalde, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek nabarmendu du “udalerri txikiek komunitatearen kontzientzia handiagoa dutela, eta berdintasun-politiketarako berrikuntza-guneak izan daitezkeela, bizikidetzako eta tokiko eskalako herritartasun inklusiboko laborategiak”. “Berdinsarearen bidez, EUDELek eta Emakundek gure konpromisoa berresten dugu, udalerri guztiek parte har dezaten berdintasunaren euskal estrategiaren aurrerapenetan; pertsona guztiek, bizi diren tokian bizi direla, ekitatea, erantzukidetasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten tokiko politiken onura jaso dezaten”, nabarmendu du Esther Apraizek.

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, EAEko biztanleria txikieneko udalerrietan berdintasuna bultzatzeko xedez Berdinsareak hasieratik egindako lana azpimarratu du. Nabarmendu du Berdinsare(H)abian 7.000 biztanletik beherako udalerriei zuzentzen zaiela, haiek baitute baliabide gutxien eta zailtasun gehien beren berdintasun-politikak garatzeko eta finkatzeko.

Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, Berdintasun Legeak aurreikusten du autonomia-erkidegoko administrazioak eta foru-administrazioek ahalmen gutxiagoko udalerriei laguntzea berdintasun-arloan dituzten eskumenak gauzatzen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top