DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Pasabide batek eta espaloi berriek oinezkoen segurtasuna hobetuko dute Zornotzako San Antonio auzoan

Lanak hilaren amaieran hasiko dira eta sei hilabete iraungo dute. 1.619.158 euro inbertituko dira

Proiektuaren infografia

AMOREBIETA-ETXANO | Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren amaieran ekingo die N-634 errepidean oinezkoen iragazkortasuna hobetzeko lanei, Amorebieta-Etxanoko San Antonio auzoan. Proiektuaren asmoa da oinezkoen pasabide bat eraikitzea, bi ertzetan espaloiak egitea eta Durangorako autobus-geralekua tokiz aldatzea.

San Antonio auzoa bi ertzetan banatuta dago, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina bietan ere oinezko asko ibiltzen dira. Hala, ezkerraldean etxebizitza ugari dago; eskuinaldean, berriz, bi enpresa-zentro daude: Inbisa enpresa-parkea eta Arania enpresa. Eremu horiek errepidearen aurrez aurreko aldeetan daudenez, oinezkoen fluxu handia izaten da etxebizitzetatik autobus-geralekuetarantz, eta alderantziz. Gaur egun, ez dago konexio segururik oinezkoentzat, eta horrek arrisku handia dakar, N-634 errepidean trafiko-dentsitate handia izaten baita (20.000 ibilgailu inguru egunean).

Azterlana egin ondoren, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Saileko teknikariek ondorioztatu zuten irtenbiderik onena eta seguruena beste maila batean dagoen pasabide bat jartzea dela, eta, azkenean, metalezko taula duen pasabide tiranteduna eraikitzearen alde egin zuten. Eskailerak eta igogailuak jarriko dira pasabidera igotzeko, eta hura industrialdearen inguruan kokatuko da, errepidearen bi aldeetan aurrez aurre egongo diren autobus-geralekuen ondoan.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak kofinantzaturiko proiektu honek segurtasun- eta erosotasun-estandar altuak ekarriko ditu oinezkoentzat, zeinak bidearen erabiltzaile kalteberatzat jotzen baitira. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.619.158,04 euro da, eta sei hilabeteko epea dago aurreikusita obrak egiteko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top