Garabide Elkarteko kideekin batera egindako bisitak Cauca eskualdean ezarritako proiektuaren aurrerapenak eta estrategiak partekatzeko balio izan du

DURANGO | Asteazken hoentan Durangoko Udalak Jonnier Quiguapumbo Kolonbiako Toribio hiriko Nasa komunitateko kidearen bisita jaso du, Garabide Elkarteko Rosa Elizburu eta Sabier Etxeberriarekin batera. Bisita “Fortalecimiento de estrategias lingüísticas y escolares para la recuperación del Nasa Yuwe: Intercambio de experiencias Vasco-Nasas” proiektuaren baitan kokatzen da. Proiektuaren helburu nagusia Nasa Yuwe hizkuntza indartzea eta biziberritzea da, Nasa komunitateak Cauca eskualdean (Kolonbia) hitz egiten duena.
Proiektu hau Udalaren eta Garabide Elkartearen arteko lankidetza hitzarmenari esker garatzen da, eta Nasa komunitateari bere hizkuntza eta kultura berreskuratzeko eta sendotzeko ahaleginean laguntzea du helburu. Bisitan, Nasa komunitateko ordezkariak, Garabideko kideekin batera, orain arte lortutako aurrerapenak eta emaitzak partekatu ditu, baita proiektuaren hasierako faseetan ikasitako ikasgaiak ere.
Hizkuntza-lankidetzarako proiektua Euskal Herrian euskara biziberritzeko esperientzian oinarritzen da, Cauca eskualdeko hezkuntza-sisteman hizkuntza-estrategiak ezartzeko helburuarekin. Horretarako, Nasa komunitateko hizkuntza irakasle eta sustatzaileei prestakuntza eta aholkularitza ematen ari zaie, Nasa Yuwe ikasgeletan sartzeko eta belaunaldi berriei irakatsiko zaiela bermatzeko.
Bere hitzaldian, Jonnier Quiguapumbok eskualdeko hiru eskolatan egindako proba pilotuaren eragin positiboa nabarmendu du. Eskola horiek Nasa Yuweren erabilera sendotzea ahalbidetuko duten hizkuntza estrategiak probatzera eta egokitzera bideratuta daude, bai irakaskuntza formalean, bai helduen hezkuntzan.
Garabide Elkarteko Rosa Elizburuk eta Sabier Etxeberriak azaldu dutenez, erakundea, euskararen biziberritzean duen esperientzia zabalarekin, prozesuan inplikatutakoei prestakuntza eta laguntza ematen ari zaie, bereziki Nasa Yuweren Hilo erakundeari (hizkuntza sustatzaileen taldea) eta Nasa Proiektuaren Bizitza Planaren hezitzaileei. Garabidek Udalarekin izan duen lankidetza funtsezkoa izan da euskaran oinarritutako estrategiak Nasa herriaren berezitasun linguistiko eta kulturaletara egokitzeko.
Euskal-Nasa esperientziak trukatzeko proiektu honek erakusten du nazioarteko lankidetza tresna eraginkorra izan daitekeela hizkuntza gutxituak babesteko eta nortasun kulturalak indartzeko. Gainera, Udalak kultura eta hizkuntza-aniztasunarekin duen konpromisoa azpimarratzen du, hizkuntza funtsezko elementutzat hartuta kohesio sozialerako eta udalerriaren garapenerako.
Bisita honekin, Nasa Yuwe, Nasa herriarentzat funtsezkoa den hizkuntzaren iraupena bermatzeko inplikatutako alde guztien konpromisoa berresten da. Erakundeen arteko lankidetza, esperientziak eta ezagutzak trukatzearekin batera, funtsezkoa da hizkuntza eta kultura biziberritzeko prozesuan aurrera egiteko.