Doan ezagutu ahal izango dute Udaletxearen historia, arkitektura eta funtzionamendua, 12:00etan hasiko den bisita gidatuan

DURANGO | Joan den maiatzean egindako lehen bisita gidatuak harrera bikaina izan zuen, eta plazak berehala bete ziren. Horren harira, Durangoko Udalak azaroaren 15ean, 12:00etan, bigarren jardunaldi bat antolatu du, herritarrek eta bisitariek Udaletxearen historia, arkitektura eta funtzionamendua doan ezagutzeko aukera izan dezaten.
Ekimen honen bidez, udalerriaren ondare arkitektoniko eta instituzionala hurbildu nahi zaie herritarrei, eraikin enblematiko honen nondik norakoak ezagutu ditzaten.
Bisitan zehar, parte-hartzaileek Udaletxearen kanpoaldea eta barrualdea ezagutuko dituzte. Kanpoaldean, eraikinaren historia eta arkitektura azalduko dira, baita hormetan dauden margolanak, estanpatuak eta fatxadako arku ezaguna ere. Barrualdean, berriz, osoko bilkuren aretoa, hall-a, alkatetza eta bulego teknikoak bisitatuko dira, eta horietan egiten den lanaren berri emango da.
Bisita 90 minutukoa izango da gutxi gorabehera: horietatik 20-25 minutu kanpoaldeari eskainiko zaizkio, eta gainerakoa barrualdeari. Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, herritar guztiek parte hartu ahal izan dezaten.
Gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute jardunaldi bakoitzean, eta, horregatik, aurrez izena ematea gomendatzen da. Izen-ematea online egin daiteke Udalaren webgunean: https://www.durango.eus/idazkaritza-bisita-gidatuak, edo aurrez aurre, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo Durangoko Turismo Bulegoan.
Izen-emate kopurua aforoa baino handiagoa bada, Durangon erroldatutako pertsonek izango dute lehentasuna, izen-ematearen hurrenkeraren arabera.
Parte-hartzea doakoa da eta interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Adingabeek heldu batekin joan beharko dute.