Herriko plaza izango da elkargunea eta 6 urtetik gorako herritar orok parte har dezake, aurrez izena emanda

ELORRIO | Elorrio-Atxondo Baso Biziak Elkarteak, Elorrioko Udalaren laguntza eta babesarekin, Zumelegi erreka garbitzeko ekintza antolatu du. 6 urtetik gorako edonori zuzenduta dago, baina 6 eta 11 bitarteko umeak lagunduta eta nagusi baten zaintzan etorri beharko dira.
Ume barik etortzekotan, hitzordua goizeko 9:00etan izango da herriko plazan. Bertan taldeak egin, eta errekan jarduteko prozedura azalduko da. Zabor bilketa 9:15ak eta 13:00ak bitartean egingo da.
Umeekin etortzeko asmoa dutenak, ostera, 11:00etan bertaratu beharko dira Herriko Plazara, izan ere, bilketa beraientzat egokitutako gune batean egingo da, 11:00etatik 13:00tara.
Ondoren, 13:15ean, guztion artean bildutakoa pilatuko da plazan, eta gero jaso egingo da.
Katiuskak edo galtza-botak eta eskularruak eramatea gomendatzen da, baita bilketa erraztu ahal duen edozein material ere: zabor-pintzak, sakaderak, eta abar.
Erreka garbiketan parte hartzeko, eman izena Anbotopeko dendan, Iturri Kultur Etxean edota webgune honetan.