Gaur ez dira baztertzen ekaitzak Durangaldean

EGURALDIA | 20:19etan dator udazkeneko urtaroa eta igande honetako eguraldi bertsuarekin iritsiko da, zeru grisekin, giro freskoarekin, 16 gradu inguruan eta euri batzuekin. Gainera, gaur ez da baztertzen trumoi-ekaitzak jotzea. Ostegunetik aurrera, badirudi egoerak hobera egingo duela, eguzkia eta tenperatura altuagoak iritsiko baitira, eta berriro 25 gradutik gora geratuko dira.
Astelehena, hodeitsu
Astelehenean eguraldiak ildo beretik jarraituko du iparraldean. Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu, indar handiagoz eta sarriago Kantauri isurialdean, batez ere kostaldean; Ebro ibarrean ateri eutsiko dio orokorrean eta hegoaldean euria aurreko egunean baino urriagoa izango da. Tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute, minimoak hotzagoak izango dira. Mendebaldeko haizea nagusituko da eta arratsaldean ipar-mendebaldekoa; kostaldean zakar bizi ibiliko da egunaren lehen partean.
Martitzena, euri gutxiago
Asteartean haizeak ipar/ipar-ekialdetik joko du eta euri gutxiago egingo du. Zerua aurreko egunetan baino garbiago egongo da, baina, hala ere, hodeiak agertuko dira tarteka eta zaparrada txikiak egingo ditu, batez ere egunaren lehenengo partean eta iparraldean. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero; eguzkitsuago egongo denez, zenbait lekutan tenperatura maximoak apur bat igo daitezke.