Uztaila izan da jendetsuena, 16.703 erabiltzaileekin, ekainan 15.878 pertsona bertaratu ziren, abuztuan 14.254, eta irailean 2.875

DURANGO | Tabirako udal igerilekuak Durangoko udako espazio erabilienetako bat izan dira aurten ere. Ekainetik irailera bitartean, guztira 49.710 pertsonak erabili dituzte instalazioak, udalerriaren topaleku, aisialdirako eta ongizaterako gune nagusietako bat direla berretsiz.
Eguraldi onak, zerbitzuaren hobekuntzek eta berdeguneen eta itzalguneen eskaintza zabalak lagundu dute Tabirako igerilekuek uda osoan zehar jendetza handia izaten. Durangoko Udalak positiboki baloratu du denboraldia, “datu hauek herritarren konfiantza islatzen dutela udal-zerbitzuetan, eta funtsezkoa dela espazio publikoak zaintzen eta hobetzen jarraitzea, pertsonen arteko harremanak eta deskonexiorako aukerak sustatzeko” azpimarratuz.
Hilabeteka aztertuta, uztaila izan da erabilera gehien izan duen hilabetea, 16.703 sarrera izan baitira. Ekainan 15.878 erabiltzaile izan dira, eta abuztuan 14.254. Aipagarria da halaber, irailean ere, nahiz eta ohikoan lasaiagoa izan, lehen hamabostaldian 2.875 sarrera zenbatu izana.
Iker Txertudi Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie erabiltzaile guztiei udako denboraldian zehar erakutsitako konfiantza eta parte-hartzearengatik. Aldi berean, jakinarazi du Tabirako igerilekuetan berrikuntza integrala hasiko dela urritik aurrera, instalazioak hobetzen jarraitzeko helburuarekin.