Musikaz gain, herri bazkari bat egingo dute estreinako aldiz

ABADIÑO | Datorren irailaren 20an Koba Live jaialdia egingo dute laugarren aldiz Abadiñon. Metal eta rock jaialdiak Euskal Herriko zein nazioarteko talde entzutetsuak elkartuko ditu, eta hainbat berrikuntza izango ditu.
Lehenengo aldiz, eguerdian hasiko da jaialdia, Moonshinerds (12:00) eta The Electric Alley (13:30) taldeen emanaldiekin. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, eta publikoak eta antolatzaileek elkarrekin bazkalduko dute, jai giroan.
17:00etan hasiko da ostera ere zuzeneko musika, Asgarthen eskutik, eta, haren ondotik, Wolfheart talde finlandiarra (18:30), Onslaught talde britainiarra (20:10) eta Eclipse talde suediarra (21:45) igoko dira oholtza gainera. 23:30ean, berriz, Ehun Kiloren itzuleraz gozatuko dugu, eta, azkenik, Before The Dawn talde finlandiarrak itxiko du aurtengo aldia, 01:10ean.
Sarrerak enterticket.es eta koba-live.com/entradas webguneetan daude eskuragarri, 40 euroren truke.
Jaialdiak herriarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak: “Koba Live musika jaialdi bat baino askoz gehiago da: topagune kultural bat da, Abadiño dinamizatzen du, jendea erakartzen du eta gure herria musika ekitaldi garrantzitsuenen mapan kokatzen du”.