Irailaren 9tik abenduaren 20ra bitartean, herritarrek deskontu zuzenak jaso ahal izango dituzte erosketetan

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebono kanpaina berria abiaraziko du martxan irailaren 9tik abenduaren 20ra bitartean, herriko saltokietan eta lehen sektorean kontsumoa sustatzeko eta herritarrei eguneroko erosketetan zuzeneko deskontuak eskaintzeko helburuarekin.
Kanpainaren mekanika erraza da: bonu bakoitzarekin, atxikitako establezimendu batean 15 euro ordaintzeko eta 20 euroko erosketa-balioaz gozatzeko aukera eskaintzen zaie herritarrei. Horri esker, herritarrek zuzenean 5 euro aurreztu ahal izango dute erosketa egiten duten unean.
Amorebonoak Amorebieta-Etxanoko Udaletxean eta Zelaieta Zentroan dauden kutxazain automatikoetan eskuratu ahal izango dira. Horretarako, beharrezkoa izango da NAN elektronikoarekin, BAKQrekin AIZarekin edota pasaportearekin identifikatzea eta horrek bonuak modu bidezkoan eta ordenatuan banatzeko aukera eskaintzen du, herritar guztiek izan dezaten Amorebonoez gozatzeko aukera.
Bonuak eskuratzeko ordutegiak honako hauek izango dira:
- Amorebieta-Etxanoko Udala: astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara.
- Zelaieta zentroa: astelehenetik ostiralera, 8: 30etik 21:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara.
Pertsona bakoitzak gehienez 5 bonu erosi ahal izango ditu lehen sektorean erosketak egiteko (nekazaritzako elikagaiak eta lehen sektorekoak) eta gehienez 6 bonu tokiko gainerako saltokietan erosteko. Beste NAN batekin bigarren eragiketa bat egin nahi izanez gero, berriz ere ilara egin eta dagokion txanda itxaron beharko da, eragiketa gehigarri bakoitzerako prozedura berari jarraituz.
Bonuak erosten direnetik hilabeteko balioa izango dute, eta horrek kontsumoa dinamizatzeko berehala erabiltzera animatzen ditu herritarrak.
Aurtengo edizioan, Amorebieta-Etxanoko 65 saltokik bat egin dute kanpainarekin, 3 lehen sektorekoak eta 62 beste sektore batzuetako saltokiak eta horrek udalerriko merkataritza-sarearen inplikazioa islatzen du. Dena den, kanpainan zehar saltoki berriak batu daitezke, beraz, atxikitako saltokien zerrenda handitu egin daiteke eta etengabe eguneratuko da Udalaren webgunean.
Edizio berri honekin, Udalak tokiko merkataritzari laguntzeko konpromisoa berresten du, herritarrei erosketak egiteko tresna erraz eta abantailatsua eskainiz, eta, aldi berean, udalerrian ekonomia hurbil, dinamiko eta iraunkorra bultzatuz.