Elorrioko santuari paperezko boneta eta banbuzko makilea jarri zioten gotzain izentau zutenean

Bilboko gotzainak, Joseba Segurak, erlikiaren emate ekitaldian zera gogoratu zuen: Vietnamen erahil ondoren, santuaren gorputz atalak bere jaioterrira, Elorriora eraman zutela. Honen arteko batzuk bertako basilikan daude gaur egun. Honen arteko zati bat izan zen zapatuan Hanoin gurtzeko itxi zana.
“Eleiza bien arteko lotura erakusten du ekitaldi honek baina, era berean, gaur egunean be misiolari zenak indartsu dagoela erakusten du”, adierazi zuen Joseba Segura gotzainak. Eskerrak eman zituen “fedearen dohaiagaitik” eta “Giuse gotzainaren harrera beroagaitik”. Aurrera begira be, Eleiza bien arteko harremanak sendotzeko guraria azaldu zuen.
Erantzunean, Joseph gotzainak eskerrak eman zituen Bilboko gotzainari San Valentino Vinhen erlikiak ekarteagaitik. Era berean, santuaren gurari biak gogoratu zuen: santu bat egotea bere jaioterrian eta Sortzez Garbiari eskainitako eleiza bat eukitea Vietnamen.
San Balentin Vietnamen
Berriotxoako San Balentin 1827ko otsailaren 14an jaio zen Elorrion, fededun sendi baten. 1851an izentau zuten abade eta ondoren, Dominikoen ordenean sartu zen, bere guraria misiolari izatea zelako. 1858an Vietnamera heldu zen kristinauek jazarpena jasoten zuela. Gotzain izentu zuten Asiako herrialdean ezkutuan, kartoizko boneta eta banbuzko makilea jarrita. 1861ean martirioa jaso zuen, 34 urte zituela.