Jaietan zehar, hainbat txapelketa ospatuko dira, besteak beste, tute txapelketa, Mallabiko gizonezkoen XXXV. eta emakumezkoen V. harri-jasotze txapelketa…
MALLABIA | Abuztuaren 14tik 16ra bitartean Mallabiko jaiak ospatuko dira, ekintza ugari izango dira adin eta gustu guztietarako, besteak beste, haur jolasak, musika emanaldiak, lehiaketak, pilota partidak, eta askoz gehiago. Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean prestatu duten egitarauak herri osoari jai giro berezia eskaintzea du helburu.
Abuztuak 14 – Umeen Eguna
Jaiak abuztuaren 14an hasiko dira, umeen egunarekin. Goizeko 11:30etik 13:00etara, Mallabiko trikitilariek kaleak girotuko dituzte, eta aldi berean, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, umeentzako haur parkea egongo da herriko frontoian eta parkean. Arratsaldeko 18:00etan, apar festa egingo da parkean. 19:00etan, txupinazoa botako da udaletxeko balkoitik, eta ostean, Hamarru elektrotxarangak kaleak animatuko ditu. 19:30ean, txokolatada egongo da plazan; eguraldi txarra eginez gero, parkeko aterpean. Gaueko 21:30ean, pilota partidu profesionalak jokatuko dira frontoian, eta 23:00etan, Lehian taldearen erromeria izango da plazan (euria bada, parkeko aterpean).
Abuztuak 15- Andra Mari Eguna
Goizean, 11:00etan, meza nagusia ospatuko da Jasokunde parrokian. Ondoren, 12:30ean, Mallabiko dantzariek herriko frontoian dantzatuko dute, eta 13:00etatik 15:00etara, EinGO taldearen erromeria ibiltariak girotuko du herria. Arratsaldean, 17:00etan, bi ekintza jarriko dira martxan herriko hainbat gunetan. Alde batetik, tute txapelketa jokatuko da Kontzejuzarrean. Parte hartzeko, bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu. Lehiaketa ostean, sari banaketa egingo da, ondorengo mailaketaren arabera:
- Saria: 120 euro eta garaikurra
- Saria: 100 euro
- Saria: 80 euro
- Saria: 60 euro
Bestetik, harri-jasotze saioa izango da herriko frontoian: XXXV. gizonezkoen eta V. emakumezkoen edizioa izango da, eta parte-hartzaileak Euskal Herriko hainbat lekutatik etorriko dira. Gizonezkoek 100 kiloko zilindro zaharra eta bola jasoko dituzte; emakumezkoek, berriz, 62,5 kiloko pisuak. Txapelketak goi mailako kirol saioa eskaintzeaz gain, hainbat sari ere izango ditu parte-hartzaileentzat:
- Saria: 900 euro, garaikurra eta txapela
- Saria: 750 euro eta garaikurra
- Saria: 600 euro eta garaikurra
- Saria: 500 euro
- Gainerako parte-hartzaile guztiek: 300 euroko dieta
Ondoren, 19:30ean, “Ez da kasualitatea” bertso saio musikatua izango da plazan (euria bada, elizpean). Gaueko 22:30ean, Janus Lester taldearen kontzertua izango da parkean.
Abuztuak 16 – San Roke Eguna
Eguna meza nagusiarekin hasiko da, 12:00etan, Jasokunde parrokian. Aldi berean, goizeko 11:00etatik 14:00etara, XXIV. paella lehiaketa eta XII. marmitako lehiaketa egingo dira herriko plazan. Talde bakoitzak 11:30ean eman beharko du izena, eta prestakinak ordutegi hauetan aurkeztu: marmitakoa 13:00etan, eta paella 13:30ean, epaimahaikideek platerak dastatu eta sariak banatu ahal izateko. Giroa alaitzeko, Mallabiko trikitilariek musika eskainiko dute.
Lehiaketa gastronomikoek urtero sortzen duten parte-hartze eta sormen giroaren isla, sari banaketa izango da 14:00etan. Hona hemen aurten banatuko diren sari nagusiak:
Marmitako lehiaketa:
- saria: 110 euro
- saria: 55 euro
Paella lehiaketa:
- saria: 110 euro
- saria: 55 euro
Sari banaketaren ondoren, 14:15ean, jubilatuen bazkaria ospatuko da Kontzejuzarrean. Jarraian, 16:00etan, Tolin mariatxia izango da bertan, jubilatuek musika eta dantza giroaz goza dezaten. 17:30ean, Gazte Asanbladak antolatutako kuadrillen arteko jolasak jokatuko dira. Irabazleek 20 pintxo-txartel jasoko dituzte. 20:00etan, txerri errea eta sagardoa banatuko dira plazan. Pintxoak euro 1 ordainduta eskuratu ahal izango dira. Jarraian, 20:30ean, Luhartz taldearekin erromeria izango da plazan; euria bada, parkeko aterpean ospatuko da. Egunari amaiera borobila jarriko dio DJ Maria Blessivek, gaueko festa parkean girotuz.
Mallabiko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu 2025eko Andra Mari jaiez gozatzera eta antolatutako jarduera guztietan parte hartzera, sormenez, dibertsioz eta tradizioz beteriko giroan murgilduz.