Espazioa berrantolatuko da oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta herri irisgarri eta atseginago bat eraikitzeko

ERMUA | Ermuko Udalak oinezkoentzako gunea berrantolatuko du Gipuzkoa Etorbidean, Errotabarri inguruan. Horrela, datorren abuztuaren 14tik aurrera, osteguna, debekatuta egongo da espaloian ibilgailuak aparkatzea, oinezkoen segurtasuna hobetzeko eta, bereziki, adinekoak, haurrak eta mugikortasun murriztua duten pertsonak bertatik beldurrik gabe igaro daitezkeela bermatzeko.
“Badakigu aparkalekuarekin lotutako edozein aldaketak nolabaiteko eztabaida sor dezakeela, baina ezin dugu onartu ibilgailuek oinezkoena izan behar duen espazio bat okupatzen jarraitzea. Neurri honek pertsonen segurtasuna eta ongizatea lehenesten ditu”, adierazi du Beatriz Gamiz alkateak.
Azken urteotan, Udalak bizilagunen kexa ugari jaso ditu, baita adinekoen eta familien erreklamazio formalak ere, Errotabarri inguruan segurtasunez ibiltzeko zailtasunez ohartaraziz. Era berean, hainbat arrisku egoera atzeman dira, espaloian aparkatutako autoen ondorioz, oinezkoak galtzadan sartzera edo autoen artean ibiltzera behartuta egon direlako.
Erabaki honi esker, Udalak beste urrats bat emango du hiri atseginago, irisgarriago eta pertsonentzat pentsatuago baten aldeko konpromisoan. Neurriak hiri-mugikortasun jasangarriaren gomendioak eta Udalak defendatzen duen hiri-eredua ditu ardatz.
Berrantolaketa honekin batera, informazio-kanpaina jarriko da abian herritar guztiek aldaketaren berri izan dezaten. Kanpainak barne hartzen ditu Errotabarri inguruan seinale zehatzak jartzea, zabalkuntzea sare sozialetan eta Udaltzaingoaren laguntza lehen egunetan, bizilagunen eta bertatik igarotzen diren pertsonen egokitzapena errazteko.
“Oinez ibiltzea segurua den hiri batean sinesten dugu, gure adinekoak beldurrik gabe mugi daitezen eta haurrak eskolara oztoporik gabeko espaloitik joan daitezen. Hori ere justizia soziala da”, azpimarratu du alkateak.