Gero Zornotzako saltokietan erosketak egiten saiatzeko erabili zuen kreditu-txartela

BERRIZ | Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du Zornotzan, indarra erabiliz lapurreta egitea eta iruzur egitea leporatuta. Atxilotua Berrizeko enpresa bateko leihoa hautsita sartu zen aldageletan, eta armairu batzuk behartu ondoren hainbat gauza lapurtu zituen, horien artean gero Zornotzako saltokietan erosketak egiten saiatzeko erabili zuen kreditu-txartela.
Atzo, asteazkena, arratsaldeko 16:10 aldera, Berrizko Olakueta auzoko enpresa bateko langile batek gizon bat ikusi zuen leihoetako baten ondoan jarrera susmagarrian. Inplikatuak alde egin zuen ikusi egin zutela konturatu zenean.
Enpresako langileek egiaztatu zuten susmagarriak leihoetako bat hautsi zuela aldageletan sartzeko, eta hainbat armairutan lapurreta egiten zuela. Handik pixka batera, biktimetako batek egiaztatu zuen motxila, dirua, agiriak eta kreditu-txartel bat lapurtu zizkiotela, eta kreditu-txartela Zornotzan baimendu gabeko erosketak egiteko erabiltzen ari zirela.
Ertzaintzako langileak enpresara hurbildu ziren lapurretaren egileari buruzko datuak biltzeko, bai eta lapurtutako txartela erabiltzen ari ziren Zornotzako establezimenduetara ere. Azkenean, lapurretaren egilearen deskribapenarekin bat zetorren gizon bat aurkitu zuten. Agenteek miatu zutenean, oinetakoetako batean ezkutatuta aurkitu zioten biktimaren kreditu-txartela.
Horren aurrean, inplikatua atxilotu egin zuten indarrez lapurreta egitea eta iruzur egitea leporatuta, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten. Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.