DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zaldibarko jaiak herritar guztien gozamenerako ekitaldiz beteta datoz

Ekitaldiak uztailaren 3an hasiko dira, txupinazoa botako duen Helmuga elkartearen eskutik

Udalak eta jai batzordeak jaien programazioa aurkeztu dute

ZALDIBAR | Zaldibar herriko jaiak ospatzeko prest dago. Udalak, elkarteek eta jai batzordeko kideek egitarau oparo eta anitza prestatu dute herritar guztien gozamenerako: “Uztailaren 3tik 6rako egunetan, egunerokotasuna alde batera utzi eta jai giroan murgiltzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak”, esan dute arratsalde honetako agerraldian.

Horretarako, kale-bazterrak jai giroz betetzeko hainbat ekitaldi batu dituzte egitarauan. Batetik, ekitaldi gastronomikoak daude, urtero hutsik egiten ez duten patata tortilla txapelketa, sardina, eta, solomo jana eta odoloste jana, esate baterako. Musikarik ere ez da faltako: hiru elektrotxaranga arduratuko dira kaleak girotzeaz, eta beste hainbeste musika talde eszenatoki gainean dantzarako grina eta parranda giroa sortzeaz. Eskaintza kulturalari dagokionez, bertsolariak, koralaren emanaldia, kale antzerkia eta Jaizale taldearen kalejira egongo dira, eta kirol arloan, azpimarratzekoak dira areto-futbol maratoia, arku-jaurtiketa saioa, saskibaloia, pilota zein Ipar Euskal Herriko herri-kirolen erakustaldia. Halaber, txikienek apar festa eta puzgarriak izango dituzte zain, eta gazteek kuadrillen arteko lehia ugari eta herri bazkaria izango dituzte.

Jai batzordeko kideek gogoratu dutenez, ekitaldi horiek guztiak elkarte eta herritar askoren borondatezko lanari esker antolatzen dira. Udalak guztien auzolana txalotu du, eta gogoan izan ditu jaietan lan egin behar izaten dutenak, hala nola tabernariak, zerbitzariak, sukaldariak eta kale-garbitzaileak.

Helmuga taldearen txupinazoa

Egitarauko ekitaldi batzuk martxan dauden arren, jaiak uztailaren 3an hasiko dira, Donien Atxarekin eta txupinazoarekin. Aurten, Helmuga taldeak izango du suziria udaletxeko balkoitik botatzeko ohorea. Elkarteak 20 urte bete ditu herriko emakumeei ahotsa eta laguntza eskaintzen. “Bihotz-bihotzez eskertu nahi ditugu 20 urteko ibilbide honetan gure elkarteko kide izan diren emakumeak: hastapenetan jardun zutenak, bidean batu zirenak zein gaur egun dihardutenak.  Emakume horiengatik eta horientzat ari gara lanean”, esan dute elkarteko kideek.

Era berean, jaiak erantzunkizunez eta errespetuz bizitzera deitu dute udalak, jai batzordeak eta Helmugak. Argi esan dute: “Zaldibarko emakumeok jaietan lasai ibili nahi dugu eta ez dugu dugu inolako erasorik onartuko. Zaldibar indarkeria matxistarik eta erasorik gabeko herria izatea nahi dugu”.

Azkenik, udalak gogoratu du udalerriko jaiez gainera, Zaldibarko auzoetan ere ospakizun ugari egongo direla udan zehar. Urrutira joan gabe, Eitzagako auzotarrek asteburu honetan bertan ospatuko dituzte jaiak. Goierrin, uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira, eta, Urizarren eta Sallabenten, abuztuan. Eneritz Azpitarte alkateak ondo pasatzera eta ekitaldi guztietara bertaratzera deitu ditu herritarrak.

Programazio osoa HEMEN 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top