Aurten, Atxondoko Pelota Eskolak irakurriko du jaietako pregoia

ATXONDO | Axpeko jaiak amaitu bezain laster, Apatako Sanpedroak hasiko dira. Ekainaren 26an jasoko dituzte txopo handia eta txikia eta Talogileen postua egongo da plaza ondoan. Aurten, Atxondoko Pelota Eskolak irakurriko du jaietako pregoia, herriko umeen artean pilota biziberritzeko lanean dabiltzanei begirako errekonozimendu modura.
Pilota protagonista izango da jaietako azken egunean ere, aurten lehenengoz antolatu duten Pelota Goxua Txapelketako finalak jokatuko dira eta Apatako pilotalekuan. Jaialdiaren barruan, umeen pilota partidak izango dira.
Jaietako beste nobedadeetariko bat honako hau da: aurten, lehenengoz, jaietako zapiak salduko dituzte, jaietan urtero erabiltzeko modukoak. Horrez gainera, jai batzordeak Instagram kontu bat sortu du jaien berri emateko: @apatako_jaixek.
Labunbatean ere erromeria
Jaietako musika eskaintzan, erromeriek protagonismo berezia izango dute. Ez jaietako barikuan bakarrik, ohitura den moduan, baita zapatuan ere. Dantzarako musikarekin, herriko giroa sustatzea da helburua. Horrela, barikuko musika eskaintza Itzal erromeriak eta Egurra ta Kitto after taldeak osatuko dute; eta zapatukoa Fane musikariak eta Zirkinik Bez erromeriak. Plazako musika eskaintza Txalainak taldeak osatuko du, jaietako lehen egunean.
Gaztetxean ere musika eskaintza zabala antolatu dute. Ekainaren 27an Otxandioko Gozzue taldeak joko du eta ostean DJ Yiyi eta Igor Martinez izango dira. Hurrengo egunean TAKE (Tributo A Kaos Etíliko) taldeak eskainiko du zuzenekoa.
Bestalde, umeen ekintzak, Barsanti konpainiaren ‘Legea gu gara’ antzezlana, eta nekazari eta artisau azoka nabarmendu daitezke.