Gobernu-taldeak herritarrekin partekatutako etorkizuneko proiektuaren lanketan jarraitzen du, pertsonak erdigunean jarriz

AMOREBIETA-ETXANO | 2023-2027 legegintzaldiaren erdia betetzen den honetan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren mezua argia da: tokiko gobernuaren konpromisoak irmoa izaten jarraitzen du, pertsonak erdigunean jarrita, egunez egun, ilusioz eta herritarrak bidelagun, Amorebieta-Etxanoko etorkizuna eraikiz lanean dihardu.
“Dagoeneko bi urte igaro dira legegintzaldi hau hasi zenetik. Erronkaz, erabakiz eta ikaskuntzaz beteriko bi urte. Baina baita zornotzarrekin lanean partekatutako bi urte ere. Izan ere, udalerri bat gobernatzea ez da proiektuak gauzatzea bakarrik: entzutea, ulertzea, laguntzea, imajinatzea eta eraikitzea da. Gertu egotea da, eta elkarrekin bidea eraikitzen jarraitzea, Arkalaz, partekatutako etorkizun baterantz”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Lehen egunetik, gobernu taldeak helburu argi batekin lan egin du: Amorebieta-Etxano bizitzeko, elkarbizitzeko eta hazteko udalerri bilakatzea. Udalerri bizia, dinamikoa eta pertsonentzat pentsatua. Familia zornotzarrei egokitutako zerbitzu publikoak dituena, haurrak eta nagusiak zaintzen dituzten guneak dituena, auzo bizi eta kultura hurbilarekin; berdintasunean oinarritutako herria, irisgarria eta gertuko udal irekiarekin.
Konpromiso horren baitan, 70 ekintza baino gehiago jaso ziren 2023 – 2027 Agintaldi Planean jasoak, eta horietako askok dagoeneko eragin zuzen eta positiboa du zornotzarren egunerokotasunean. “Garrantzitsuena, baina, ez dira zifrak, atzean dagoena baizik: udalerri eredu partekatua, proiektu bakoitzak benetako behar bati, herritarren proposamen bati edota komunitatearen ikuspegi erantzuna ematen dion eredua, alegia”, adierazi du alkateak.
“Gaur, legealdi erdia beteta, Agintaldi Planaren % 15 osatuta dagoela, beste % 32 gauzatze aurreratuan dagoela, eta % 31 martxan dagoela esan dezakegu. Hori guztia aurreikusitako 74 ekintzetatik bakar bat ere kanpoan utzi gabe. Horrek ere asko esaten du hartutako konpromisoaz”, gaineratu du.
Lorpenen artean, nabarmentzekoak dira irisgarritasunean, hirigintzan eta gizarte-zerbitzuetan egindako aurrerapenak: autokarabanen aparkaleku berria, Gudari kalea oinezkoentzat egitea, Larrea ikastetxeko patioa hobetzea, gizarte-zerbitzuen katalogoa, Berdintasun Plan berria, edo Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala arteko oinezkoen ibilbidea. Beste programa batzuek ere indarra hartu dute, hala nola aurrekontu parte-hartzaileek, memoria historikoa bultzatzeak, zaintzaileak zaintzeak edo ZUOKen baitan proposatu eta egiten diren gazte-ekintzek.
“Oraindik asko dago egiteko, eta konpromiso eta gertutasun berarekin jarraituko dugu lanean, urratsez urrats eta pertsonak beti erdigunean. Bide partekatu hori da Arkalaz, Amorebieta-Etxanoren etorkizuna entzuten, hitz egiten eta elkarrekin lan egiten eraikitzen dena bidea”, amaitu du Ainhoa Salterain alkateak.