Ez da prezipitaziorik espero datozen egunetan Durangaldean

EGURALDIA | Gaur beroak 35 gradu inguruko maximoekin jarraituko duen arren, astebururako eguraldi ez hain beroa eta hodei gehiago espero dira, baina euririk ez. Tenperaturak 28 gradura jaitsiko dira.
Ostirala beroa
Ostiralean tenperaturak antzekoak izango dira eta bero egingo du. Zeruan erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuk agertuko dira, hauts-gandua ere bai, baina, oro har, eguzkitsu egongo da. Kostaldean lehen eta azken orduetan behe-hodeiak ager daitezke. Haize ahul eta aldakorra ibiliko da, arratsaldean brisa; kostaldean brisa goizean sartuko da eta eguerditik aurrera barnealdera ere hedatuko da. Arratsaldean bero-hodei batzuk agertuko dira, baina zaparrada trumoitsuak izateko probabilitatea nahiko baxua izango da.
Zapatua, hodei gehiago
Larunbatean Kantauri isurialdean hodei gehiago ager daitezke, baina bero egingo du oraindik. Barnealdean uda beteko giroarekin jarraituko dugu: zerua ia oskarbi egongo da eta arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira, zaparrada trumoitsuren bat baztertu gabe. Kostaldean haizearen menpekoa izango da tenperatura; hasieran hegoaldeko haizea ibiliko da, baina ondoren ipar-mendebaldera aldatuko da. Bero egingo du, baina haize aldaketaren unean, goizean edo eguerdi inguruan, tenperaturaren igoera eten egingo da. Ipar isurialdean behe-hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira.