DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe!”

Durangoko Autodefentsa feministaren testua

Mobilizazioa egin dute Durangon ostiralean izandako erailketa matxista salatzeko

DURANGO | Beste behin, dagoeneko laugarrena urtea hasi zenetik, Emakumeon* Mundu Martxako erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu dugu. Izan ere, maiatzaren 30ean, emakume bat eta bere alaba indarkeria matxistaren biktima izan ziren: gizon batek alaba hil eta ama zauritu zuen bere buruaz beste egin aurretik Bilbon.

Lehenik eta behin, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladatik (DAFA) gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik.

Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezaten eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki.

Ez da hilketa isolatu bat, ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik. Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara eta honek bereziki larria bilakatzen du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da.

Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau. Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonen artekoa, ezta “gaixo” batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeak* eta sexu- genero disidenteak garen pertsonak menpeko mantentzeko moduetako bat baizik.

Emakumeok* emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa feminista izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!

Erailketa matxistarik ez! Denak aske izan arte, martxan jarraituko dugu!

GORABORROKA FEMINISTA!

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top