Parte-hartze handiko edizioa eta 238 lan aurkeztu dira

IURRETA | Ostiral honetan Askondok XXII. Iurretako Literatur Lehiaketaren sari banaketa hartu du. Urtero bezela, Iurretako Udalak eta bereziki Herri Bibliotekak haur, gazte eta helduen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatu nahi izan ditu ekimen honekin. Horretarako ezinbestekoa dugu herriko eskolen laguntza: Maiztegi Herri Eskola eta Juan Orobiogoitia Institutua, izan ere egitasmo honek dituen helburuak lortzeko beraiekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsua baita.
Aurtengo XXII. edizioan lan ugari egon dira, guztira 238 hain juxtu. Haurren sailetan 122 lan aurkeztu dira, gazteen sailetan 101 eta helduetan berriz 15.
Lehiaketa honen helburuen artean integrazioa eta kulturaniztasuna ere baditugu. Hori dela eta jatorriz bertakoak ez diren hainbat ikaslek hartu dute parte, arlo askotan egiten ari diren ahaleginen ondorioa dela uste dugu.
Edizio honetan ere, Iraia Okina ilustratzailearekin elkarlanean egindako lana nabarmendu beharra dago, izan ere sortutako material guztia (oinarriak, liburuxka eta kartelak) berak egindako irudiez osotu baititugu. Herriko kazetaria den Izaskun Ellakuriaga Bustintza aurtengo liburuxkako hitzaurrea egin du eta sari banaketan ere gurekin batera egon da.
Udalak, 2.660 euro banatu ditu sarituen artean. Txikienentzat liburu sortak banatu dira, gazte eta helduen artean liburu bonoak izan dira sariak. Haur eta gaztetxoen kategorietan partehartzaile guztieei Iurretako Udalak esker oneko opari bat banatu die, beraien ahalegina saritzeko asmoarekin.
22 urte hauen saritutako lanak 22 liburuxkatan argitaratu dira, sormena eta literatura herritar guztion esku jarriaz. Libururuxka honen aleak Herri Bibliotekan eskuratu daitezke dohanik. “Aurrerantzean ere, Iurretako Herri Bibliotekak irakurzaletasuna eta sormena uztartzen dituen proiektu desberdinetan jarraituko du lanean”, azpimarratu dute.