Espaloi zabalagoak, zebra-bide goratuak eta bizikletentzako erraila jarriko dira, baita hodien sistema berritu ere

ELORRIO | Buzkantz kaleko obrak maiatzaren 26an hastea dago aurreikusita, bost hilabeteko iraupenarekin, eta guztira 321.363 euroko kostuarekin.
Egingo diren lanen artean daude kalea urbanizatzea, ibilgailuen erraila estutzea abiadura moteltzeko, espaloiak zabaldu eta bizikletentzako erraila egokitzea. Bestetik, fatxadetan dauden kable batzuk kenduko dira eta estolderia bereizlea instalatuko da. Gainera, Nizeto Urkizu kaleko saneamendu-sisteman beste hiru esku-hartze txiki eta puntualegingo dira.
Lanok ibilgailuen zirkulazioan eragingo dute. Buzkantz kalean trafikoa moztuko da maiatzaren azken astean, ekainean eta uztailean, baina garajeetarako sarbidea zabalik egongo da. Uztail bukaeran, abuztuan eta iraileko lehen astean Udaltzaingoaren biribilgunean euri-uren hoditeria berria jartzeko lanak egingo dira, eta hor ere afekzioak egon daitezke.
Elorrioko alde zaharreko kale horretan proiektatutako obrekin, Buzkantz kaleko etxeen etxabeetan dauden uholde-arriskuarekin lotutako arazoak konponduko dira, prezipitazio handiko uneetan urez betetzen direlako, eta oinezkoen irisgarritasuna ere bermatuko da.