Maiatzaren 23ra bitartean bete ahal izango dute zornotzarrek inkesta

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak mugikortasunari loturiko partaidetza prozesu bat jarri du martxan, herriko mugikortasunaren inguruko diagnosia osatzeko abiapuntu gisa. Horren bitartez, helburu nagusia da udalerriaren eta zornotzarren beharretara egokitutako Mugikortasun Plana garatzea. Bide horretan, lehen fase honen oinarri nagusia herritarren iritzia eta ekarpenak batzea da, diagnosiak ahalik eta modurik errealenean jaso ditzan udalerriko mugikortasun arloko beharrak edota gabeziak.
Horretarako, gaurtik hasita maiatzaren 23ra bitartean, 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko inkesta bat egongo da eskuragarri, herritarren joan-etorri ohiturei, lehentasunei, zailtasunei eta hobekuntza-proposei buruzko datuak jasotzeko helburuarekin. Inkestak atal espezifikoak ere baditu industrialdeetan lan egiten dutenentzat edo saltoki bat dutenentzat.
Udalak herritarrak animatzen ditu parte hartzera, zornotzarren eguneroko errealitatea lehen eskutik ezagutzea funtsezkoa baita udalerriko mugikortasuna benetan hobetzeko proposamen eraginkorrak egiteko. Inkesta fisikoki bete ahal izango da, Zelaietan eskuragarri egongo den esku-orria betez; emaitzak bertan egongo den kutxan utzi ahal izango dira. Horrez gain, digitalki betetzeko aukera ere egongo da, esku-orrian dagoen QR kodea eskaneatuta.
Ekimen honekin, Amorebieta-Etxanok herritarren mugikortasun moduak hobeto ezagutzeko prozesu bati ekiten dio, udalerriko mugikortasuna nola hobetu aztertzeko.