Azken honetan 21 gizon, 3 emakume, hezurtegi bat eta hobi komun berri bat aurkitu dira oraindik induskatu gabe dagoena

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok urrats sendoak ematen jarraitzen du bere memoria historikoa berreskuratzeko bidean. Udal hilerrian egindako indusketen azken fasean, Aranzadi Zientzia Elkarteko taldeak 24 giza aztarna berri aurkitu ditu —21 gizon eta 3 emakume—, baita hezurtegi bat ere, behealdean hobi komun berri bat gordetzen duena eta laster ikertuko dena. Aurkikuntza hauekin, guztira 127 gorpu atera dira lurpetik.
2023ko abenduan lanak hasi zirenetik, indusketek pixkanaka argitu dituzte Gerra Zibilaren aztarnak Amorebieta-Etxanon. Lehen faseetan guztira 68 gorpu berreskuratu ziren, 2024ko udarako guztira 97ra iritsiz. Ibilbide honi aurkikuntza berezi bat gehitu zitzaion 2025eko maiatzean: euskal borrokalari baten identifikazioa.
Orain, azken fasean aurkitutako 24 aztarnekin, proiektua ikerketa berrietarantz doa. Hezurtegiaren eta azpian dagoen hobi berriaren aurkikuntzak lan-ildo berria irekitzen du, eta Aranzadik maiatzean hasiko duen kanpainan helduko dio ikerketa-bdie berri honi.
Herritarrei deia
Aurkikuntza guzti horiei lotuta, herritarren batek Gerra Zibilean desagertutako senitartekoren bat izan dezakeela ustez gero, Gogora Institutuarekin harremanetan jartzeko deia egiten die Amorebieta-Etxanoko Udalak, DNA proben bidez identifikazioa errazteko.
Aurkikuntza bakoitzarekin, Amorebieta-Etxanok urte ilun haietan bizia galdu zutenen historia isildua berreraikitzen jarraitzen du, haien memoria duinduz eta nortasuna familietara hurbilduz.