Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta mahai-inguruak, zuzenean egingo diren emanaldiak, erakusketak, proiekzioak eta tokiko emakume sortzaileek gidatutako dastaketak izango dira

DURANGO | Datorren larunbatean, maiatzak 10, BEST Durango, emakume sortzaileen topaketa ospatuko da Durangon, 11:00etatik aurrera Plateruena Kultur Aterpean. Hitzordu hau BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa proiektuaren parte da, Durangoko Udalaren eta Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren artean bultzatutako ekimena. Helburu nagusia tokiko emakume sortzaileen lana identifikatzea, ikusaraztea eta indartzea da, kultura arloan genero berdintasuna sustatuz eta hainbat diziplinatako sortzaileen arteko lankidetza eta ikaskuntza partekatuko sare bat sortuz. Ekitaldia irekia da parte hartu nahi duten guztientzat, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Topaketak jardunaldi osoa hartuko du eta bi bloketan garatuko da. Goizean, “Hitza” izeneko espazioa izango da, hausnarketa eta elkarrizketa ardatz dituena. Programaren zati honetan, hainbat kultura- eta sormen-arlotan adituak diren emakumeek gidatutako mahai-inguruak eskainiko dira, hala nola literatura, antzerkia, musika, dantza, arte plastikoak, argazkilaritza, bertsolaritza, zirkua, ikus-entzunezkoak edo performancea. Mahai-inguru horiek batez ere emakumeei zuzenduta egongo dira, baina interesa duen edonori irekita, eta itzulpen zerbitzuak, streaming bidezko emanaldia eta familia kontziliazioa errazteko zaintza gune bat izango dituzte.
Goizean zehar bi mahai-inguru egingo dira, Karolina Suarezek gidatua. Lehenengoa, “Txanpon baten truke” izenekoa, 11:30ean hasiko da, eta Irati Bilbaok, Maite Lopezek eta Erika Lagomak parte hartuko dute. 13:00etan, bigarren mahai-ingurua egingo da, “Txanponaren bi aldeak” izenburupean, Marisa Barrenak, Arantza Arrazolak eta Maider G. Etxegibelek parte hartuta.
Arratsaldean, “Ekintza” blokea egingo da, publiko guztiarentzako ireakia izango den proposamena, non tokiko emakume sortzaileek beren artea zuzenean partekatuko duten. Programazioan, 14:30ean, ondorio-saio bat egingo da, eta horren ostean 15:00etan mokadutxoa. 15:30ean, “Berbak sare” poesia errezitaldia hasiko da, eta 16:30ean, Garazi Magunagoitia artistak bakarrizketa eskainiko du. Jardunaldiari amaiera emateko, 17:00etan, Eukene abeslaria arituko da bere musika proposamenarekin.
Espazio honek esperientzia kultural irisgarria eta partekatua sortu nahi du, publikoa ingurune hurbileneko adierazpen sortzaileetara hurbilduz. Proiektuak tokiko sortzaileak identifikatzea, jarduerak antolatzea eta teknikoki ekoiztea, ekitaldia zabaltzea, zerbitzu osagarriak (itzulpengintza eta zaintza, besteak beste) eskaintzea eta prozesuaren memoria bat egitea aurreikusten du.Gainera, Durango eskualdeko topaketan parte hartzen duten emakumeak udazkenean egiten den Bizkaiko probintziako topaketa handian parte hartzera gonbidatuko dira, sortutako kultur sareari jarraipena emanez.
Jesica Ruiz Durangoko Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, “Berdintasun Sailetik berdintasuna lortzeko arteak eta kulturak gizartea eraldatzeko duten ahalmenean irmoki sinisten dugu. BEST ekitaldi bat baino gehiago da, gure inguruko emakume sortzaileen talentua ikusarazteko, erreferenteak sortzeko eta kultura bidezkoagoa eta inklusiboagoa indartuko duten sareak ehuntzeko tresna bat alegia. Durango kultura inklusibo, eraldatzaile eta feministaren erreferentea da. Durangon, emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzen duten eta berdintasuna ikuspegi intersekzionaletik eta komunitariotik sustatzen duten ekimenen alde egiten dugu. Durangarrak ekitaldian parte hartzera animatzen ditugu”, amaitu du.
Sarrera doakoa eta librea izango da lekuak bete arte.