2024-2025 ikasturtean zehar, Zabalarra, Jesuitak, San Antonio eta Fray Juan de Zumarraga institutuko ikastetxeetako 11 eta 17 urte bitarteko 600 ikasle baino gehiagok aktiboki parte hartu dute lehiaketan. Guztira 138 booktrailer aurkeztu dira, horietatik 100 A Kategoriari dagozkio, 11 eta 14 urte arteko gazteei zuzendua; eta 38 B Kategoriari, 15 eta 17 urte bitartekoei zuzendua.
Ikastetxeek 20 liburuko zerrenda izan dute eskura, horietatik 10 euskaraz eta beste 10 gaztelaniaz. Talde bakoitzak bere errealitatera egokitzen zen liburua aukeratu du, eta haren bidez enpatia, errespetua, elkartasuna eta pentsamendu kritikoa bezalako balioak eta gai sozialak landu dituzte. Literatur sioetan ikasleek aukeratutako liburuen edukietan sakondu eta haien inguruan hausnartu dute. Horrez gain, tailer teknikoetan jardun dute, ikus-entzunezko lanak sortzeko beharrezko tresnak eta teknikak ikasten. Beste jarduera batzuk ere egin dituzte, hala nola Miñan antzezlana ikusi eta Durangoko bonbardaketaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatuetan parte hartu.
Booktrailer Lehiaketa Giza Eskubideen Hezkuntzan oinarritzen da, eta horri esker, 2024an, QIA sarietan estatu mailako finalista izan zen, sektore publikoan berrikuntza kategoriaren baitan.
Sari banaketa ekitaldia datorren igandean, maiatzaren 11n, izango da San Agustín Kultur Gunean. A eta B kategoriako talde irabazleentzat 300 euroko saria eta liburu sorta bat egongo dira. Gainera, gidoi onena ere sarituko da, 300 euro eta liburuekin, eta publikoaren saria jasotzen duen taldeko kide bakoitzak liburu elektroniko bana irabaziko du.
Ekimen honekin, Durangoko Udalak hezkuntza eraldatzaile, inklusibo eta parte-hartzailearen aldeko apustua berresten du, gazteei adierazteko eta kultura bidez gizarte kritikoago eta bateratuago bat eraikitzeko bideak eskainiz.