DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko inkesta bat Mallabian

Inkestaren helburua da eguneroko ibilbideei, erabilitako garraio-moduei eta eguneroko bizitzan sortzen diren oztopo edota zailtasunei buruzko informazioa biltzea

Inkesta bete ondoren udaletxean edo liburutegian entregatu ahal izango da

MALLABIA | Herria etengabe hobetzen jarraitzeko bidean, herriko mugikortasunaren diagnosia egiten ari da Mallabiko Udala, bertako garraio-sistema eta irisgarritasunaren indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko helburuarekin.

Eta hain zuzen indargune eta ahulgune horiek ahalik eta hobekien identifikatzeko, herritarrei zuzenduriko inkesta bat jarri du abian Udalak, mallabiarren eguneroko joan-etorriak aztertzeko eta garraio eta irisgarritasun arloan egin beharreko hobekuntzak identifikatzeko. Herritarren parte-hartzea errazteko, inkesta bete ondoren udaletxean edo liburutegian entregatu ahal izango da, prozesua erosoagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Ekimen hau Dair enpresa publikoak sustatzen du, Mallabiko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Inkesta honen helburua da eguneroko ibilbideei, erabilitako garraio-moduei eta eguneroko bizitzan sortzen diren oztopo edota zailtasunei buruzko informazioa biltzea. Lortutako emaitzek udalerriko mugikortasuna hobetzeko, aukerak jasangarriagoak bultzatzeko eta bide segurtasuna indartzeko proposamenak diseinatzen lagunduko dute. Inkesta bete ondoren, bilketa errazteko, herritarrek udaletxean edo liburutegian entregatu ahal izango dute.

Horri jarraiki, diagnosiaren emaitzak egungo errealitateari eta etorkizuneko erronkei ahalik eta hobekien erantzun diezaien, inkesta honetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi du Mallabiko Udalak: “herritarren inplikazioa funtsezkoa izango da udalerriko mugikortasun-eredu erosoago, segurago eta udalerriaren benetako beharrizanei egokitutako bat definitzeko. Izan ere, erantzun gehiago jasotzen direnean, proposatutako irtenbideak egokiagoak eta eraginkorragoak izan daitezke”, adierazi du Igor Agirrek, Mallabiko alkateak.

Hala, Mallabiko Udalak herritar guztiak animatzen ditu inkestan parte-hartu eta bertako galderak erantzutera, elkarrekin eta elkarlanean Mallabi irisgarriago, bizigarriago eta jasangarriago bat eraikitzen jarraitzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top