Etxebizitzaren diagnosia eta lan lerroak azaltzeko bilera ireki bat antolatu du Udalak
ABADIÑO | Datorren ostegunean, hilak 13, gobernu taldeko arduradunek Abadiñoko metabolismo demografikoaren eta etxebizitzaren diagnosia, eta jorratzen ari den lan lerroak azalduko dituzte, baina aldez aurretik, txostenetik ateratzen diren datu esanguratsuenetako batzuk ezagutarazi ditu. Besteak beste, gaur egun, 419 etxebizitza eskaera bildu dira Etxebide plataformaren bitartez. Horietatik 301 (%72) alokairuan bizitzeko eskariak dira. Horrez gainera, 429 etxebizitza huts daude udalerrian eta 2040a bitarte, 179 etxebizitza sortzeko beharra aurreikusten du azterketa horrek, soilik etxebizitza-unitateen tipologia aldaketari erantzuteko.
Diagnosia Gislan enpresaren bitartez gauzatu du Udalak, eta urte erdiko azterketa prozesu baten emaitza da. Analisi kuantitatibo zehatz bat egin ondotik, hainbat beharrizan eta ondorio identifikatu ditu Udalak. “Jakitun gara etxebizitzaren gaia Abadiñon, eta gizartean oro har, ardura handia eragiten duen gaietako bat dela. Bilakaera demografikoa ere kontuan hartu beharreko faktore bat da, eta Udaletik garrantzia handia ematen diogu diagnosi zuzen bat egin eta Abadiñok dituen erronkei erantzuteko baliabideak lortzeari. Etxebizitzaren gaian lau lan lerro identifikatu ditugu, hala nola, alokairuzko babestutako etxebizitzen eskaintza sortzea, zeinetarako bilera bat izango dugun Etxebizitza Sailarekin Udalarenak diren lurzoru batzuk eskaintzeko asmoz; etxe hutsen merkaturatzea, komertzio lokalak etxebizitza bilakatzeko Udal Ordenantza garatzea; eta baserriak lau etxebizitzataraino banatzeko aukera zabaltzea”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak Abadiñoko gazteen emantzipazioari eta herriaren behar berriei begira.
Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak aurrera begira Udalak izan ditzakeen baliabide horiez hitz egin du. “Alde batetik, etxebizitza hutsak merkaturatzea beharko dugu. Kasu horretan, etxebizitzen jabeekin irtenbide bat eta negoziaketa bat egin beharko dugu, baita etxe huts horien nolakotasuna aztertu ere. Bigarrenik, baserriak hainbat etxebizitzatan zatitzeko aukera aztertu beharra dago; garrantzitsua izango da prozesu hori HAPOrekin batera lantzea; eta azkenik, mahai gainean jarriko dugu herriko lokalak etxebizitza bilakatzeko aukera zabaltzea. Kasu horretan, etxe horien salerosketa edo alokairua, babes publikoko baldintzetan egitea litzateke onena. Etxebizitza Sailaren bilerari dagokionean, hilaren 20an izango dugu, eta beste herri batzuekin lortu izan duten adostasun antzekoetara heltzeko helburua dugu, hau da, lurzoru horiek eskaintzeagatik, Jaurlaritzak alokairuzko etxebizitza publikoak eraiki eta kudeatzen ditu; Abadiñon formula hori edukitzea gurako genuke”.
Bilera irekia
Etxebizitzaren gaiari heltzeko, Udalak berbaldi bat antolatu du ostegun honetarako. Bertan, Urrutiak eta Navarrok ez ezik, Imanol Esnaola Gislan Kooperatibako Zuzendariak ere parte hartuko du. Bertan, azterketaren inguruko datu gehiago, eta Udalak epe laburrean izango dituen lan-lerroen azalpenak emango dituzte. Berbaldia otsailaren 13an Errota Kultur Etxean izango da (Traña-Matiena), 18:30ean.