Hainbat jatorritako iurretarrak gonbidatuko dituzte entzule talde txiki bati euren bizipenak kontatzera 15 minutuko elkarrizketen bidez

IURRETA | Liburutegi bat liburuen etxea da, baina ez hori bakarrik. Hitzen, ezagutzaren, istorioen, pentsamenduen, sentimenduen, bizitzen, abenturen… etxea ere bada. Hori guztia eta gehiago liburu batean sartzen da; beraz, horietako hamaika liburutegi batean daude. Paperezko formatu tradizionalaz gain, gaur egun digitala ere erabiltzen dugu, baina beste formatu bat ere badago, agian ez hain ezaguna… Giza Liburutegia.
Giza Liburutegia 2000. urtean Danimarkan jaiotako ekimena da. Mundu mailako liburutegietan garatzen da eta ostegunean, urriak 30, arratsaldeko 18.00etan burutuko da, Liburutegien Nazioarteko Egunaren baitan. Helburua komunitatea sortzea da, tolerantzia eta gizarte-kohesioa garatuz. Aurten Giza Liburutegiaren 1. edizioa ospatuko da eta horretarako jatorri ezberdineko iurretarrak gonbidatuko dituzte entzule talde txiki bati euren bizipenak kontatzera 15 minutuko elkarrizketen bidez.
Giza Liburutegiaren oinarrizko ideia da pertsona guztiek dituztela kontatzeko eta entzuteko moduko bizipenak. Komunitatean onarpen, tolerantzia eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko elkarrizketa irekiak ezartzea da helburua. Ikuspegi berritzailea da, aurreiritzien estereotipoei lagunarteko elkarrizketaren bidez aurre egiten saiatzen dena.
Ikaskuntza global, berritzaile eta praktikoko ekimen bat, elkarrizketa pertsonaletarako esparru seguru bat sortzean oinarritua, aurreiritziei aurre egiten, diskriminazioari aurre egiten, gatazkei aurrea hartzen eta giza kohesio handiagoa lortzen lagunduko duena, desberdintasun sozialak, erlijiosoak eta etnikoak gaindituz. Elkarrizketarako gune bat, gai tabuak modu irekian eta gaitzespenik gabe eztabaidatzeko. Elkarrekin nekez hitz egingo luketen pertsonek elkarrizketarako lekua aurkitzen duten lekua. Pertsonak liburu bihurtuz… Baina hemen liburuak ez dira paperezkoak, hezur-haragizkoak baizik.
Giza Liburutegiaren bidez, desberdintasuna goraipatzen da, eta beste bizimodu eta kultura batzuetatik datozen pertsonen arteko elkarrizketa, tolerantzia, ikaskuntza eta ulermena sustatzen dira.



