DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Zornotzan” ikastaro eta jardueren gida berria argitaratu du Udalak

Programazioa irailetik urtarrilera bitartean garatuko da, eta herritar guztiei zuzendutako jarduerak jasotzen ditu

“Zornotzan” ikastaro eta jardueren gida berria argitaratu du Udalak

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak abian jarri du “Zornotzan” ikastaro eta jardueren gidaren edizio berria, irailetik urtarrilera bitarte prestatutako eskaintza hezitzaile, sozial eta kulturala jasoz. Gidak tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak eta adin guztietarako jarduerak batzen ditu, herrian ikaskuntza, ongizate, berdintasun eta gozamen partekatua sustatzeko helburuarekin.

Dagoeneko zabalik dago ikastaroetan izena emateko epea kanal eta bide desberdinetatik.

Berdintasuna: ahalduntzea, gorputza eta zaintza ikuspegi feministatik

Berdintasun arloak berriz ere emakumeei zuzendutako egitarau sendoa eskainiko du, norberaren ahalduntzea, auto-zaintza eta gizarte-eraldaketa ardatz hartuta. Tailer ugari egingo dira, besteak beste, zoru pelbikoaren inguruko ikastaroa, gorputzarekin lotura berreskuratzeko eta autonomia sendotzeko; etxeko konponketen tailerra, autosufizientzia sustatu eta genero-estereotipoak hausteko; gorputza eta energia feminismoaren ikuspegitik lantzen dituzten saioak edota psikologia feministatik emozioen kudeaketari buruzkoa, autoestimua eta botere pertsonala indartzeko.

Tailer guztiak doakoak izango dira eta Musika Eskola zaharrean egingo dira. Plazak zozketa bidez esleituko dira, eta aurretik eskatuz gero haurtzaindegi zerbitzua zein zeinu-hizkuntzako interpretea egongo dira eskuragarri.

Euskara: ikasi, landu eta gozatu, familian zein komunitatean

Euskara arloak herritarrengana hurbiltzeko apustua egiten jarraitzen du, modu errazean eta parte-hartzailean. Horren harira, ekimen ugari jarriko dira martxan, hala nola; solasaldi taldeak, giro atseginean euskara praktikatzeko; Kantakatilu egitasmoa, kantuan arituz ahoskera hobetzeko; familientzako tailerrak, gurasoek seme-alabekin euskaraz uneak partekatzeko aukera izan dezaten; edota euskaltegiko urte osoko ikastaroak, A1etik C1era bitarteko mailatan, aurrez aurre zein autoikaskuntza modalitatean.

Gizarte ekintza: familiei laguntza, prebentzioa eta zaintzari loturiko formazioa

Arlo honetako ikastaroak familiei eta zaintzaileei baliabide praktikoak eskaintzera bideratuta daude.

  • Familia-eskolak, adin-tarteen arabera banatuta (0-6, 7-12 eta 13-16 urte) eta formatu desberdinetan (aurrez aurre/online, euskaraz/gaztelaniaz).
  • “Neure burua zaintzea ere zaintzea da”, “Emozioen kudeaketa”, “Loaren higienea” eta “Bizkar osasuntsua” bezalako tailerrak Zainduz programaren baitan eskainiko dira eta tailer horiek mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenei laguntzera daude bideratuta.
  • Bisita gidatuak eta jardunaldi bereziak. Horien artean izango da, esaterako, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna.

Kirola: aktibo mantentzea eta osasuna zaintzea edozein adinetan

Kirol arlotik helduentzako zein haurrentzako ikastaroak eskainiko dira Larrea Kiroldegiaren eta Nagusi Aretoaren bitartez. Proposamenen artean, 65 urtetik gorakoentzako mantentze gimnasia, igeriketa, aquagym eta pilates ikastaroak edo maila desberdinetara egokitutako ibilaldi osasungarri gidatuak nabarmentzen dira, aire zabaleko eta taldeko jarduera fisikoa sustatzeko pentsatuak.

Kultura: jarduera artistikoak eta sortzaileak urte osoan zehar

Kulturaren arloan, Zelaieta Zentroak ikasturte osoan zehar jarduera ugari hartuko ditu hala nola; zeramika, marrazketa, joskintza, puntua eta crocheta, bitxigintza, antzerkia eta aretoko dantzak. 

Era berean, hizkuntza ikastaroak ere eskainiko dira, besteak beste ingelesa, frantsesa eta italiera. Ikastaro puntualak ere egingo dira, hala nola, hala nola “Estiloz beteriko gabonetako entranteak” izenekoa, Eguberriei lotuta edota “Memoria zein estimulazio kognitiboa lantzeko tailerra”.

Adinekoak: aisialdia, teknologia eta gizarte-parte hartzea

Nagusi Aretoak, berriz, adinekoei zuzendutako jarduera ugari eskaintzen ditu: sevillana tailerrak, panderoa, estimulazio kognitiboa, smartphonearen erabilera, adimen aktiboa tabletarekin… 

Zornotzan gidaren edizio berriak Udalaren konpromisoa islatzen du, kultura eta prestakuntza eskaintza anitz, irisgarri eta inklusiboarekin. Programazio hau ikasturte berria laguntzeko diseinatuta dago, Amorebieta-Etxanoko herritarren eguneroko bizitza aberastuko duten proposamenekin.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top