DOT Durangaldea

Zornotzako Urritxe BHI, aitzindari Nazioarteko Batxilergoan sare publikoan

2026-2027 ikasturtetik aurrera, Gizarte Zientzien Batxilergoan modalitate hori eskainiko du

Nazioarteko Batxilergoa bi urteko iraupena duen programa da

AMOREBIETA-ETXANO | 2026-2027 ikasturtetik aurrera, Amorebieta-Etxanoko Urritxe BHIk Gizarte Zientzien arloko Nazioarteko Batxilergoa (IB) eskainiko du. Horrela, Euskadiko hezkuntza sare publikoko lehen ikastetxea izango da modalitate hori martxan jartzen, eta gaur-gaurkoz bakarra. Programa berria prestakuntza eta egokitzapen prozesu sakon baten ondoren jarriko da abian. Helburua da ikasleei nazioarteko ikuspegia eta maila akademiko handia uztartzen dituen prestakuntza eskaintzea, egungo testuinguru globalaren erronkei erantzuteko prestatuta egongo dena.

Gizarte Zientzien modalitateko Nazioarteko Batxilergoa

Nazioarteko Batxilergoa bi urteko iraupena duen programa da, 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzendua, eta prestakuntza orekatu eta zorrotza eskaintzen du. Ildo horretan, IBk bereziki lantzen ditu pentsamendu kritikoa, ikertzeko gaitasuna, konpromiso soziala, garapen pertsonala eta nazioarteko ikuspegia txertatzea. Diziplinen arteko ezagutza sendoa eskaintzeaz gain, IBk hizkuntza-aniztasuna eta kultura desberdinekiko errespetua ere sustatzen ditu.

Urritxe BHI ikastetxeak eskainiko duen Nazioarteko Batxilergoa Gizarte Zientzien modalitatean garatuko da, eta, horrenbestez, bere hezkuntza-esparruan espezializazio hori eskainiko duen ikastetxe bakarra izango da. Ekimen honek hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustu sendoa adierazten du, eta eskualdeko gazteak mundu global eta anitz batek dakartzan erronkei aurre egiteko prestatzea du helburu.

Programa modu egokian ezartzea bermatzeko, Urritxe BHIko irakasleek prestakuntza sakona jaso dute Nazioarteko Batxilergoaren funtzionamendu eta araudiei buruz, baita emango dituzten ikasgaietako eduki espezifikoen inguruan ere. Prestakuntza hori nazioarteko ikastetxe ospetsuekin lankidetzan burutu da, eta IB hezkuntzan erreferente diren herrialdeetara, hala nola Suedia, Norvegia eta Finlandia, egindako bisitak barne hartu ditu. Horri esker, Urritxe BHIko irakasleek ezagutza eta tresna egokiak izango dituzte ikasleei kalitatezko prestakuntza eskaintzeko.

“Urritxe BHIn Nazioarteko Batxilergoa ezartzea aurrerapauso garrantzitsua da Amorebieta-Etxanoko hezkuntza-eskaintza indartzeko. Udalerriak kalitatezko hezkuntzan jarraitzen du apustua egiten, eta egitasmo honi esker ikasleek Batxilergo Nazionaleko titulua zein Nazioarteko Batxilergoaren Diploma lor ditzakete, mundu osoan 4.500 unibertsitate baino gehiagok onartzen duten titulazioa”, nabarmendu du Ainhoa Salterain alkateak.

Ate irekien jardunaldia, martxoaren 7an

Nazioarteko Batxilergoaren programa berriari eta Urritxe BHIk eskaintzen duen hezkuntza-eskaintzari buruzko xehetasun gehiago ezagutu nahi dituzten pertsonek ate irekien jardunaldian parte hartzeko aukera izango dute. Saioa martxoaren 7an izango da, 12:00etan, ikastetxeko instalazioetan.

Jardunaldi horretan Gizarte Zientzien modalitatea aurkeztuko da, baita eskuragarri dauden gainerako hezkuntza-aukerak ere. Era berean, onarpen-prozesuari eta Nazioarteko Batxilergoa ikasteak eskaintzen dituen abantailei buruzko informazio zehatza emango da.

Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, Urritxe BHIren webgunearen bidez (www.urritxe.eus) edo zuzenean ikastetxearekin harremanetan jarrita, 944 280 154 telefono zenbakira deituta edo urritxe@urritxe.eus helbide elektronikora idatzita.

 

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top