Joan den maiatzaren 13an herritarren ideiak eta iradokizunak jasotzeko egindako saio irekian 75 lagun baino gehiago batu ziren

AMOREBEITA-ETXANO | Herriko erdigunea eraldatzeko urrats garrantzitsu bat emateko prestatzen ari da. Izan ere, gaur goizean egindako ohiko osoko bilkuran, udalbatzak lehen onespena eman dio Karmen kalea urbanizatzeko obren proiektuari. Esku-hartze estrategiko honi esker, gune hori irisgarriagoa eta seguruagoa izango da eta pertsonak izango ditu erdigunean.
Karmen kalea, udalerriko eguneroko bizitzaren ardatz nagusietako bat da eta proiektu honen bitartez eraldatu egingo da oinezkoei protagonismo handiagoa emateko. Proiektuak Udaltzaingoaren aurrean dagoen zatia oinezkoentzat bihurtzea aurreikusten du, bidegurutze historiko bat kenduz eta paseorako, bizikidetzarako eta inguruneaz gozatzeko espazioa irabaziz. Gainera, arkupeak berrituko dira, zoladura berrituko da, argiztapena hobetuko da eta zutabeak zaharberrituko dira.
Eraldaketa hau udalerri atseginago eta iraunkorrago baten aldeko apustua da eta zornotzarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu. “Ez da obra hutsa, paradigma aldaketa bat da”, nabarmendu du Ainhoa Salterain alkateak. “Amorebieta-Etxanoko erdigunea lasaitasunez ibiltzeko eta bizitzeko lekua izatea nahi dugu”.
75 pertsona baino gehiago

Hasiera-hasieratik, gobernu taldeak proiektu hau herritarren parte-hartzearekin eraikitzea nahi izan du. Maiatzaren 13an Zelaieta Zentroan egindako saio irekiaren bidez, herritarren ideiak, zalantzak eta iradokizunak jaso dira. 75 pertsona baino gehiago bertaratu ziren topaketa horretara, eta 74 ekarpen gehigarri ere jaso dira etxe guztietan banatutako QR kode baten bidez eskuragarri egon den online galdetegiaren bitartez.
Bizilagunen proposamen askok irisgarritasuna bermatzeko beharra nabarmendu dute. Ildo horretan, Udalak hiru puntu egokituko ditu obrak amaitu ondoren sarbidea errazteko: bat Konbenio kale inguruan, beste bat Luis Urrengoetxea kalearen hasieran, eta hirugarrena San Migel kalean, patataren ondoan.
Proiektuaren lehen onarpen honekin etapa berri bati ekin zaio aspalditik espero den eraldaketa gauzatzeko. “Eskerrik asko jasotako ekarpen guztiengatik. Guztion artean, Arkalaz, etorkizuneko Amorebieta-Etxano eraikitzen jarraitzen dugu”, amaitu du alkateak.