DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzak jaien kartela eta zarata murrizteko kasko berriak ditu

Entzuteko desgaitasuna edo autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzat egongo dira eskuragarri

Jaietako kartelaren eta zarata murrizteko kaskoen aurkezpena.

AMOREBIETA-ETXANO |  Udalak uztailaren 15etik 27ra ospatuko diren Karmengo jaien kartel ofiziala aurkeztu du gaur goizean egindako agerraldi publikoan. Paula Martín zornotzarra da kartelaren egilea, eta herritar guztiek maite dituzten jaien izaera inklusiboa, alaia eta parte-hartzailea islatu nahi izan du.

Kartelean adin eta gaitasun ezberdinetako pertsonaiak eta pertsonak agertzen dira, elkarrekin jai giroaz gozatzen. Diseinuak jaien irudi hurbila, positiboa eta komunitarioa transmititzen du.

“Kartel honek gure jaien funtsa irudikatzen du: festak elkarrekin eta elkartasunean, inor atzean utzi gabe ospatzen dituen herria, alegia. Pertsona guztiak Karmengo jaien parte sentitzea nahi dugu “, nabarmendu du Ainhoa Salterain alkateak aurkezpenean.

Era berean, Paula Martinek, kartela egiteko eskaera pozez eta ilusio handiz jaso zuela adierazi du, baita urduritasun puntu batekin ere. “Tokiko artisten sormenari bide ematea oso pozgarria da, are gehiago herriko jaiez ari garenean. Karmen jaiak herritar guztiok osatzen ditugu eta hori izan da kartelean jaso nahi izan dudana, pertsonak erdigunean, elkarrekin eta elkartasunean jaiez gozatzen”.

Zarata murrizten duten kaskoak, jai inklusiboagoen bidean

Aurtengo jaiei begira, berrikuntza nabarmen bat gehitu du Udalak: zarata murrizteko kaskoak. Kasko horiek eskuragarri egongo dira entzumen-desgaitasuna, Autismoaren Espektroko Nahasmendua edota sentimen-sentsibilitatea duten pertsonentzat. Helburua da pertsona horiek guztiek ere kontzertu, danborrada edo su artifizialak bezalako jarduerez gozatzeko aukera izatea, zarata horretarako oztopo izan gabe.

Kaskoek 27 dezibel murrizten dute soinua eta bi tamainatan egongo dira eskuragarri, haur zein helduentzat, uztailaren 1etik aurrera Zelaieta Zentroan, ostiralera, 8: 30etik 21:30era. Guztira, 100 unitate berrerabilgarri erosi dira.

“Amorebieta-Etxanoko jaiak benetan inklusiboagoak egiteko urrats bat gehiago da neurri hau. Ez dugu nahi inor une edota ekintza garrantzitsuetatik kanpo gelditzea, horregatik jartzen ditugu baliabide hauek herritarren eskura”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak

Salterainek neurriaren izaera prebentiboa ere azpimarratu du: “Helburua ez da irtenbide puntual bat eskaintzea bakarrik, zentzumenen aniztasunari buruzko kontzientzia sortzea eta guztion artean jai irisgarriagoak eta errespetuzkoagoak eraikitzea baizik. Karmengo jaiak guztiok gozatzeko dira, eta horrek lasaitasunez eta segurtasunez egin ahal izatea dakar”.

Maskotak dituzten familientzako informazioa

Udalak gogorarazi du, halaber, su artifizialak uztailaren 25ean izango direla, 22:15ean, eta 18 minutu inguru iraungo dutela, maskotak dituzten familiek aurrea hartu eta neurriak har ditzaten.

Kartel honekin eta kaskoen neurri berri honekin, Amorebieta-Etxano tradizioa, alaitasuna eta konpromiso soziala uztartzen dituzten jaiak bizitzeko prestatzen ari da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top