DOT Durangaldea

Zornotzak eskerrak eman dizkie herritarrei jaiak “lasaiak eta arrakastatsuak” ahalbidetzeagatik

Udalak antolatzaileen, segurtasun eta garbiketa lan taldeen zein zornotzarren erantzun bikaina eta parte-hartze handia azpimarratu ditu

Balorazio oso positiboa egin du Zornotzako Udalak

AMOREBIETA-ETXANO | Hainbat egunetako jaiaren, musikaren eta topaketen ostean, atzo amaitu ziren Karmenak Amorebieta-Etxanon. Horren harira, Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen eta behar bezala garatzen lagundu duten pertsona, elkarte eta zerbitzu guztiei.

Udaletik bereziki balioan jarri dute Kultura Sailak egindako plangintza eta koordinazio lana, publiko guztientzako egitarau zabal eta anitza eskaintzea lortu baitu. Era berean, eskerrak eman dizkiete Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, eguneko 24 orduetan egindako zaintza-lanagatik, bai eta garbiketa zerbitzuei ere, jaiguneak eta herria une oro egoera paregabean mantentzeagatik.

Balorazio oso positiboa

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak oso balorazio positiboa egin du igarotako festen inguruan: “Egun hauetan Amorebieta-Etxano kalera atera da musikaz, kulturaz eta herritarren arteko topaketez gozatzeko. Zornotzar guztien konpromisoa eta erantzukizuna eskertu nahi dut, baita jai seguru, lasai eta parte-hartzaileak izatea ahalbidetu duten zerbitzu guztien lana ere. Bizitako giro onak adin guztietarako jai irekiak antolatzeko dugun gaitasuna erakusten du berriro ere”.

Herritarren inplikazioari eta jokabide arduratsuari esker, Amorebieta-Etxanok une onez betetako Karmenak agurtu ditu gaur, elkarrekin jai eredu irekia eraikitzen jarraitzeko konpromisoagaz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top