Eskaerak apirilaren 9a bitarte arte aurkeztu ahal izango dira

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak diru-laguntzen deialdi berria zabaldu du, udalerrian gizarte-ekintzaren arloko proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde zein pertsonentzat. Laguntza hauek bereziki mendekotasun-egoeran, babesgabetasunean edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten jarduerak sustatzea dute helburu.
Dirulaguntza hauek egoitza Bizkaian duten irabazi-asmorik gabeko entitate, elkarte eta fundazioei zuzenduta daude, baldin eta betiere beren jarduna Amorebieta-Etxanon burutzen badute edo bertako biztanleei zuzendutako ekintzak garatzen badituzte. Laguntza hauek, halaber, udalerrian erroldatutako pertsonek eskatu ahal izango dituzte, betiere talde baten ordezkari moduan eta irabazi-asmorik gabe jarduten badute, modu partikularrean edo noizbehinkako ekintzetarako.
“Laguntza hauen bidez, ongizate soziala sustatzen duten proiektuak bultzatu nahi dira, pertsonen autonomia indartuz eta mendekotasun, babesgabetasun, bazterketa eta larrialdi-egoerak sahiestuz”, aurreratu dute. Horretarako, ekimenek berdintasuna, belaunaldi- eta funtzionaltasun-aniztasuna, kulturartekotasuna eta elkartasuna sustatu beharko dituzte.
Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren kostu osoaren % 80 izango da, eta, ondoren, proiektuaren % 100 justifikatu beharko da.
Eskabideak aurkezteko epea
Eskaerak apirilaren 9a bitarte aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre, Udalaren Herritarrentzako Zerbitzuan (pertsona fisikoen kasuan bakarrik), edo telematikoki, udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deialdi osoa kontsulta daiteke udalaren egoitza elektronikoan edo udaletxean bertan. Deialdi honetara 30.000 euro bideratu dira guztira.