Ekimen hori BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren baitan kokatzen da

AMOREBIETA-ETXANO | Urriaren 27tik azaroaren 2ra, Amorebieta-Etxano aire zabaleko museo bihurtuko da Artearen Ibilbidea erakusketari esker. Ekimen hori BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren baitan kokatzen da, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko.
Erakusketa ibiltari hau BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko elkarlanaren emaitza da. Artea eta kultura Bizkaira eta bizkaitarrengana hurbiltzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioen bidez. Amorebieta-Etxanora Udalarekin batera egindako lankidetzari esker iritsi da.
“Historia Hilezkorrak” lelopean, erakusketa Sabino Arana kalean ikusi ahal izango da, eta gai horrekin zerikusia duten zenbait artelan esanguratsuren erreprodukzioak izango ditu, jatorrizko obrak Bilboko Arte Ederren Museoan daudelarik. Dagozkien azalpen-audioak (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) telefono mugikorretan doan deskargatu ahal izango dira QR kode baten bidez. Amorebieta-Etxanotik igaro ostean, Artearen Ibilbidea Artzentalesera iritsiko da urriaren 27tik azaroaren 2ra.
Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkaian
Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ondoren, BBK-k berriro jarri du abian Herriz Herri proiektua. Ekimen ibiltari horren helburua da Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Dagoeneko Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute ekimenarekin.
Proiektu honekin, BBK-k bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du, eta katalogo berritua aurkezten du; hor, Artearen Ibilbideaz gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko gazteei zuzendutako proposamenak; emakumeari, inklusio edo gizarteratzeari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzeko haurrentzako tailer ludikoak.



