DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zaldibarrek kultur etxearen proiekturako ekarpenak bilduko ditu

Zaldibarko herritarrek azaroaren 15era arte izango dute proiektuari ekarpenak egiteko aukera

Proiektuaren infografia
Proiektuaren infografia

ZALDIBAR | Udalak urrats garrantzitsua eman du udalerriak beharrezko azpiegitura izan dezan, orain arte ez bezala. Udalbatzak kultur etxe bat sortzeko proiektua onartu du. Gobernu taldeko kideek proiektuaren alde bozkatu dute (EH Bildu). Oposizioko ordezkari politikoak abstenitu egin dira (EAJ eta PSE-EE).

Kultur etxea alde zaharreko Elexpe eta Sanjuangoa udal eraikinetan eraikiko da. Horri esker, udalerriak hainbat helburu estrategiko beteko ditu. Alde batetik, herritarrek eta elkarteek udalak merezi duen kultur programazioa garatu ahal izango dute, horretarako ezinbestekoa den azpiegitura batean. Bestetik, kultur etxeak alde zaharra biziberrituko du eta, azkenik, herritar guztien ondarea, Elexpe etxea eta Sanjuangoa baserria babesteko eta balioesteko aukera eskainiko du.

Kultur etxeak 715 metro koadroko espazio erabilgarria izango du. Zehazki, bilera-gelak, ikasgela, liburutegia, auditorioa eta erabilera anitzeko gela izango ditu. Liburutegiak hainbat gune izango ditu: adinekoentzako liburutegia, gazteentzako liburutegia, haurrentzako liburutegia eta irakurketa-eremua.
Proiektuaren aurrekontu osoa 3.125.557,13 eurokoa da. Udalak finantzaketa lortzeko bide guztiak zabalik ditu.

Zaldibartar Udalak 1996an erosi zuen Elexpe etxea. Hiru urte geroago, 1999an, Sanjuangoa baserria jaso zuen dohaintzan. Ordutik 24 urte igaro dira eta Zaldibarrek oraindik ez du kultur etxerik. «Bada garaia Zaldibarrek kultur etxe bat izateko. Onarpen honekin, urrats garrantzitsua eman dugu helburu hau lortzeko bidean», azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top